2027ko AURREKONTUAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Iruñeko Udalak ia 300 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du

Inoizko aurrekonturik handienak dira, eta, besteak beste, Sarasate pasealekua urbanizatzen amaitzea, San Jorge biribilguneko lanen hasiera edo Erorien monumentua eraldatzeko partidak jasotzen ditu. 

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala
Iruñeko Udala artxiboko irudi batean

Iruñeko Udalaren 2027rako aurrekontu-proiektua 299,6 milioi eurokoa izango da, 2026koa baino % 1,9 handiagoa. Tokiko Gobernu Batzordeak astelehen honetan onartu du proposamena, eta Garbiñe Bueno Ogasun eta Kontratazio Publiko Arduratsuko zinegotziak prentsaurrekoan nabarmendu duenez, hiriak sekula izan duen aurrekontu-proposamenik handiena da.

Lau ardatz nagusi

Lau dira proiektuaren lehentasun nagusiak. Alde batetik, Sarasate pasealekua eraberritzea, aurretik hitzartutako zuzkidurekin batera, (hala nola Erripagañako Civivoxa edo Arrosadiko Guelbenzu Zinemetako espazio kulturala). Bestetik, hiriaren epe labur eta ertaineko plangintza lotzea, funtsezko proiektuak finantzatuz; San Jorgeko biribilgunea, Donapeako plangintza edo Erorien Monumentuko Faxismoaren aurkako Memoriaren Museoa. Azkenik, Etxebizitza Plana eta Klimaren aldeko Hiri Ituna diruz hornitzea ere lehentasunen artean dago.

Horrez gain, kontuek udal zerbitzuen baliabideak hotzea ere aurreikusten dute, langileen gastuak % 5,7 handituta, 129,8 milioiraino. Era berean, aurrekontu proiektuak 20 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du auzoetan, eta gizarte arloko aurrerapenak sendotzen ditu; partida horretara 100 eurotik 38 bideratuz.

71 partida, bost talde handitan antolatuta

Hasiera batean, proiektuak 71 inbertsio-partida aurreikusten ditu, 28.334.070 euroko balioarekin. Horiek sailkatzeko izaera hartu da kontuan, eta bost talde handitan banatu dira: jada hasitako lanen  amaiera, obra berriak, plangintza eta proiektuak, plan handietarako zuzkidura (Etxebizitza eta Klimaren aldeko Ituna), eta azpiegituren hobekuntza.

Arloei erreparatuz gero, Hiri Kontserbazioak eta Osasunak, batetik, eta Herritarren Segurtasunak eta Bizikidetza, bestetik, dira aurrekontu diru-partidarik handienak dituzten sailak; 59,8 eta 51,8 milioi euro, hurrenez hurren.

Bere hitzaldian, Buenok nabarmendu du datorren urterako kontuen proposamena “ekonomikoki orekatua dela, hiriaren garapenarekin konprometitua, zerbitzuak finkatzeko asmo duena eta hartutako konpromisoak betetzeko zorrotza”.

Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman ondoren, zuzenketak aurkezteko epea ireki da, azaroaren 11ra arte.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X