Metro Bilbaok 2.700 lanpostu baino gehiago sortzen lagundu du 30 urtean, txosten baten arabera
Metro Bilbaok 30. urteurrena dela-eta txosten bat enkargatu du. Horren arabera, metroak 5.600 milioi euroko ekarpena egin dio euskal ekonomiari BPGari dagokionez, eta bezeroen % 37ren bizilekua aukeratzeko erabakian eragina izan du.
Metro Bilbaok 30. urteurrena dela eta enkargatutako txosten sozioekonomiko baten datuak argitaratu ditu ostiral honetan. Txostenaren arabera, garraiobide horrek 2.700 lanpostu baino gehiago sortzen lagundu du, zuzenekoak, zeharkakoak eta induzituak kontuan hartuta, eta bezeroen % 37ren bizilekua baldintzatu du.
Ikerketak jasotzen duenez, Metro Bilbaok tokiko jarduera ekonomikoa eta Bizkaiko hiriburuko merkataritza sustatu ditu martxan daramatzan hiru hamarkadetan. Halaber, euskal ekonomiari 5.600 milioi euro inguruko ekarpena egin dio aldi horretan BPGari dagokionez; hau da, EAEko urteko Barne Produktu Gordinaren ia % 6. Horrez gain, 650 milioi euroko diru-bilketa fiskala ahalbidetu du 30 urteko ibilbidean.
Txostenak nabarmentzen duenez, metroko trenek 123 milioi kilometro egin dituzte guztira; hau da, Lurrari 3.000 bira baino gehiago emateko edo Ilargira joan-etorriko 161 bidaia egiteko adina. Egun bakarreko bidaiari kopuruaren errekorra 2024ko apirilaren 11n lortu zuen, Athleticek Kopa irabazi ostean, Gabarraren ospakizunak 512.000 pertsona baino gehiago mugiarazi zituenean.
Ingurumenaren arloan ere Metro Bilbaok egindako ekarpena azpimarratzen du txostenak, garraiobide hori erabiltzeak ibilgailu pribatuaren aldean kutsadura-isuriak murriztea ekarri baitu. Metroaren 30 urtetik gorako historian, errepideetatik 1.764 milioi ibilgailu baino gehiago kentzea ahalbidetu du, eta, horrenbestez, karbono dioxidoaren 2,5 milioi tona baino gehiago isurtzea saihestu du, Metro Bilbaoren datuen arabera.
Datozen urteetako erronkei dagokienez, azterlanak tren berriak eskuratzea, seinaleztapen-sistema modernizatzea eta Aginte Postu Zentralizatua erabat berritzea aipatzen ditu.