Negoziazioak berrekinda, ekitaldi eta ikuskizunetako teknikariek bertan behera utzi dituzte azaroaren 26 eta 27ko greba egunak
Azaroaren 26 eta 27rako aurreikusitako greba egunak bertan behera utzi dituzte EAEko ikuskizun eta ekitaldietako langileek. Hala jakinarazi dute sektoreko negoziazio-mahaiko sindikatuek ostiral honetan, patronalarekin izandako bileraren ostean. "Emaitza hau langileek egindako borrokaren ondorio zuzena da", nabarmendu dute.
Patronalak proposamen zehatzak eta egikaritzeko epeak helarazi dizkie sindikatuei, eta, langileen ordezkaritzak azpimarratu duenez, "gehien eragiten diguten gaietan aurrerapausoak lortu ditugu", hala nola etorkizuneko hitzarmenean egutegiak aldez aurretik eta ziurtasunez ematea jasotzeko konpromiso irmoa. Gainera, datorren urtarrilaren 1etik aurrera, txandak eta ordutegiak gutxienez bost eguneko aurreabisuarekin jakinaraziko dituzte, eta asteburuetako atseden egunak hiru hilabete lehenago.
Sindikatuek deitoratu dutenez, urte eta erdi baino gehiago behar izan dute EAEko patronalarekin biltzeko. Izan ere, 2025eko apirilean negoziazio-mahaiko sindikatu guztiek negoziazioa uztea erabaki zuten, patronalari jakinarazteko asmoz bilerak proposamen zehatzekin egin behar zirela eta hitzarmena ez zela ohiko jokabideak legitimatzeko tresna bihurtuko, nahiz eta ulertzen duten malgutasuna beharrezkoa dela sektore horretan.
Inflexio-puntua, diotenez, patronalak bost egun baino gehiagoko epearekin langileak antolatzeko gai ez zela esatea izan zen.
Ordutik, sindikatuek hainbat salaketa aurkeztu dituzte Lan Ikuskaritzan, eta langileek sei greba-egun deitu dituzte patronala presionatzeko eta "geldirik egoteari utzi eta beste jarrera batekin negoziatzera esertzeko".
Datorren asterako lanuzteak bertan behera utzi dituzten arren, adierazi dute ez dutela baztertzen mobilizazioekin jarraitzea konpromisoak betetzen ez badira, patronalak berriro negoziazioa luzatzen edo adostutakoa ez betetzen saiatzen bada: "Berriro aterako gara kalera, indar handiagoz eta inoiz baino arrazoi gehiagorekin".