Euskadiko sare elektrikoaren ahalmena % 50 handituko da, 6.000 megawatt gehiagorekin 2030era bitartean
Espainiako Ministroen Kontseiluak behin betiko onartu du sare elektrikoa handitzeko plana. Hogei jarduera baino gehiago egingo dituzte egungo azpiestazioetan, eta beste hamar eraikiko dituzte, industriaren hazkundea eta etxebizitza berrien eraikuntza errazteko.
Euskal Autonomia Erkidegoko sare elektrikoak 6.000 megawatteko potentzia gehiago izango ditu datozen bost urteetan. Horrenbestez, egungo ahalmena % 50 handituko da. Espainiako Ministroen Kontseiluak ostiral honetan behin betiko onartu du Garraio Sarearen 2030erako Plangintza, eta bertan jasota dago handitze hori. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hilabeteetako negoziazioen ostean adostu zuten neurria.
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak erabakia ospatu du. Haren hitzetan, industriaren arazo nagusietako bati erantzuten dio neurriak: sare elektrikora konektatzeko ahalmen faltari.
"Elektrizitatea gure industriak hazteko behar duen oxigenoa da", adierazi du Jauregik. Gaur egun, elektrizitateak Euskadiko energia-kontsumoaren % 25 hartzen duela azaldu du, eta 2040rako proportzio hori % 46ra igotzea aurreikusten dutela.
Sailburuaren arabera, potentzia handitzeak industriaren deskarbonizazioa bizkortuko du, enpresen hazkundea ahalbidetuko du eta industria-inbertsio estrategiko berriak erakartzen lagunduko du. Zehazki, deskarbonizazioarekin lotutako jarduerek 117 enpresaren beharrei erantzungo diete, eta Euskadin 70.000 lanpostu baino gehiago bermatzen lagunduko dute.
Hogei jarduera baino gehiago eta hamar azpiestazio berri
Potentzia gehigarria eskuratzeko, egungo azpiestazioetan hogei jarduera baino gehiago egingo dituzte, eta beste hamar azpiestazio berri eraikiko dituzte. Azpiestazioek elektrizitatea eraldatzen dute, industrietara tentsio egokian irits dadin.
Bizkaian, Gatika azpiestazioaren ahalmena handituko dute, Zamudioko Parke Teknologikoaren hedapena eta lurraldearen ekialdeko eremuaren garapena ahalbidetzeko. Santurtziko azpiestazioa ere modernizatuko dute, eta Ortuellarekiko konexioa indartuko dute. Horri esker, Bilboko portuaren elektrifikazioan aurrera egin ahal izango dute, baita proiektu berriak abian jarri ere.
Gipuzkoan, Azpeitiko azpiestazio berriak horniduraren segurtasuna indartuko du, eta Urolako zein kostaldeko industriaren jarduerari bultzada emango dio. Ormaiztegiko eta Oiartzungo azpiestazioak ere handituko dituzte, Goierriko industria suspertzen laguntzeko eta Oarsoaldearen zein Pasaiako portuaren garapena ahalbidetzeko, hurrenez hurren.
Etxebizitza berriak eraikitzeko ere balioko du sarearen handitzeak
Plangintza berriak etxebizitza berriak eraikitzeko eta hirigintza-garapenak bultzatzeko ere balioko du. Izan ere, sare elektrikora konektatzeko ahalmen faltak etxebizitza-promozio batzuk geldiarazi ditu.
Hernaniko azpiestazioa berritzeak sare elektrikorik ez izateagatik geldirik zeuden etxebizitza-promozioak konektatzea ahalbidetuko du.
Bizkaian, Alonsotegiko azpiestazioan egingo dituzten lanek Bilboko Zorrotzaurreko etxebizitza-promozioak osatzen lagunduko dute. Araban, berriz, Gasteizko azpiestazio berriak Salburuan eta Zabalganean etorkizunean egingo diren etxebizitza-garapenak erraztuko ditu.
Plangintza behin betiko onartuta, inbertsioak lehenbailehen gauzatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, datorren astean bilera egingo du Jauregik Redeiarekin, Iberdrolarekin eta hainbat erakunderekin, lanak martxan jartzeko.