Tubos Reunidoseko langileek erakundeen inplikazioa eskatu dute enpresaren etorkizuna bermatzeko
Enpresa une erabakigarrian dago, bost erosle posible agertu baitira. Hala ere, jarduera eta enplegua mantenduko dituen proiektu industriala eskatu dute langileek eta, horretarako, erakundeei begira jarri dira: adierazi dute Espainiako Gobernua "traba" egiten ari dela eta Eusko Jaurlaritzak "bere borondatea" konpromiso bihurtu behar duela.
Tubos Reunidosen sozietateak likidazioan sartu ondoren, bost erosle posiblek etorkizunerako itxaropena piztu dezakete. Baina horretarako, Enpresa Batzordeak erakundeen inplikazioa eskatu du.
Langileen bozeramaileek prentsa agerraldi batean berretsi dutenez, enpresaren egoeraren arrazoiak dira "zuzendaritzaren kudeaketa negargarria eta akziodunen diru-gosea", eta ukatu egin dute langileen erantzukizunik. Balizko erosleak egotea albiste ona dela onartu dute, baina jarduera eta enplegua bermatuko dituen proiektu industrial baten beharra ere azpimarratu dute.
Tubos Reunidoseko langileek "oztopo izateari" uzteko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Ildo horretan, SEPIren (Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatea) helburuak zeintzuk diren gogoratu dute: enpresa-jarduerari eusten laguntzea, sektore estrategikoak zaintzea eta enplegua babestea; eta ondorioz, "ezin dela traba izan" salatu dute.
Gainera, Estatuko Abokatutzari eskatu diote "merkataritza-epaitegian edozein prozeduraren kontra egiteari" uzteko; izan ere, horrekin, "etorkizuneko proiekturako edozein aukera etengabe oztopatzen ari da".
Egoera horretan, Eusko Jaurlaritza "zer egiteko prest dagoen" galdetu dute. Otsailean inbertitzaileei "laguntzeko" prest agertu zela gogoratu dute, Tubos Reunidosi etorkizun industriala emateko helburuz. "Konpromiso hori zehazteko unea da", esan dute, eta eskatu dute argitu dezala "nola bermatuko diren jarduera eta enplegua".