Absentismoari aurre egiteko baja osagarriak aldatu egin behar direla berretsi du Confebaskek
Langileek enpresarekin duten deskonexioa "etorkizuneko absentismoa" izango dela ohartarazi du EAEko patronalak.
Bi langile enpresa batean, lanean. Artxiboko argazkia: Europa Press.
Laneko absentismoa da azken aldian enpresari elkarteen kezka nagusietako bat. Hain zuzen ere, arazo horri aurre egiteko aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak berrikusi eta aldatu egin behar direla berretsi du gaur, osteguna, Virginia Mugica Confebask patronalaren sail juridikoaren eta lan harremanen zuzendariak.
SEA Arabako patronalak absentismoari buruz antolatutako jardunaldi batean parte hartu du Mugicak, eta ohartarazi du langileek enpresarekin duten deskonexioa "etorkizuneko absentismoa" izan daitekeela.
Langilea gaixoaldian dagoenean enpresak aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak ordaindu behar ditu, eta horiek aldatzea eskatzen du, hain zuzen ere, Confebaskek.
EAEko patronalak azaldu duenez, osagarri horiek duela 20 urte baino gehiago adostu ziren, negoziazio kolektiboaren baitan, eta geroztik enpresen egunerokoa "izugarri" aldatu bada ere, osagarrien sisteman ez da aldaketarik egin.
Absentismoa % 2tik % 12ra igo dela, eta, gutxienez, aldi baterako ezintasunagatiko osagarriez hitz egin beharko litzatekeela gaineratu du.