Itoiztik Erriberara: 354 milioi euro Nafarroako ubidearen proiekturako
Azpiegituraren bigarren faseak ur-hornidura bermatuko dio biztanleen % 80ri, eta areagotu egingo du ureztatze- eta hornidura-gaitasuna.
Maria Chivite, hitzarmena sinatzen. Argazkia: Nafarroako Gobernua.
Foru Gobernuak 354 milioi euroko inbertsioa onartu du, Nafarroako ubidearen bigarren fasea bultzatzeko. 70 kilometroko azpiegitura horrek Itoizko urtegitik Erriberara ura eramatea ahalbidetuko du.
Maria Chivitek, Nafarroako Foru Gobernuko presidenteak, hitzarmena sinatu du gaur Espainiako Gobernuarekin, bigarren fasearen lanak gauzatzeko eta finantzatzeko. Testua Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari helaraziko zaio orain, Sara Aagesen hirugarren presidenteordeak izenpetu dezan. Horrekin, Oscar Chivite Nafarroako Lurralde Kohesiorako kontseilariak nabarmendu duenez, amaitutzat emango dute Itoiztik Erriberara ura eramateko prozesu administratiboa.
Ubidearen abiapuntua Itoizko urtegian dago, Longidan, eta Nafarroako lurraldearen zati handi bat zeharkatzen du. Bigarren faseak Pitillasetik Ablitasko Lor urmaeleraino egingo den ibilbidea osatuko du. Kanal nagusiaz gain, adar bat egingo da Alhama ibaiaren eremua ureztatzeko, Cintruenigo eta Corella artean amaituko dena.
Inbertsio partekatua
Bigarren faseko 354 milioi euroei lehen fasean inbertitutako 496 milioi euro gehitu behar zaizkie. Beraz, orotara, 850 milioi euroko inbertsioa izango du. Finantzaketa partekatua dute Estatuko eta Autonomia Erkidegoko exekutiboek, % 60 eta % 40ko ekarpenekin, hurrenez hurren, CANASA sozietatearen bidez. CANASA 1998ko lehen hitzarmenaren ondoren sortu zuten, proiektua gauzatzeko.
Ministroen Kontseiluak bi administrazioen arteko hitzarmena sinatzeko baimena eman zuen asteartean. Akordioak 42 urteko indarraldia izango du, inbertsioen kostuak berreskuratzeko eta bi administrazioek hartutako epe luzerako konpromisoak betetzeko behar den epea, hain zuzen ere. Hitzarmenaren ondorioz, Itoizko urtegiaren sistemari lotutako aprobetxamendu hidroelektrikoak CANASAri lagako zaizkio 2068. urtera arte.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak soldaten sekretuarekin amaitu du
Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen negoziazioa amaitutzat eman du, oposizioarekin akordiorik lortu gabe
Aurtengo iraila azken hamar urteetako onena izan da esportazioei dagokienez, Jaurlaritzaren arabera
Adifen arabera, grebak % 6,04ko eragina izan du Euskadin goizeko txandan, eta % 15,56koa gauekoan