Etxebizitzen salerosketek % 23,1 egin dute behera EAEn irailean, eta mantendu egin dira Nafarroan
Hala eta guztiz ere, 2007ko krisi ekonomikoaz geroztik izandako kopuru handienetakoan daude 2026an bi erkidegoak.
Balmasedako artxiboko irudia. Argazkia: Europa Press
Etxebizitzen salerosketa-eragiketen kopurua jaitsi egin da Espainiako Estatuan: irailean % 13,4ko jaitsiera izan zen aurreko urteko hil beraren aldean; Euskal Autonomia Erkidegoa da beherakada horren buruan, Estatuko batez bestekoa baino ia 10 puntu gehiagorekin. 2026ko irailean 1.985 etxebizitza saldu dituzte; 2025ean, ordea, hilabete berean 2.580 etxebizitza saldu zituzten.
Bestalde, Nafarroako Foru Komunitatean eragiketa kopurua ez da aldatu bi ekitaldietako hilabete berean: 678 guztira, nahiz eta transmisio guztien kopuruan % 5,6ko beherakada izan den, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) astearte honetan argitaratutako datuen arabera.
Nolanahi ere, metatutako datuen arabera, 2026 urte onenetako bat izaten ari da 2007-2008 aldiko finantza-krisia gertatu zenetik Hegoalde osoan: 2007tik, urte bakoitzeko irailera arte metatutako datuekin, Nafarroak ez ditu inoiz 2026ko zifrak gainditu, eta EAE bigarren urte onenean dago, 2025ean errekorra hautsi ondoren.
Estatuan, oro har, etxebizitzen salerosketak % 3,6ko beherakada izan du; EAEn metatutako beherakada % 5,7koa izan da, eta Nafarroan, berriz, % 3,9koa.
EAE: iraileko beherakada gorabehera, 2007tik bigarren daturik altuena
Iraileko datuak bakarrik kontuan hartuta, EAEn nabarmen egin dute behera salerosketek, Estatuko beste inon baino gehiago. 2026ko irailean, 2025eko hilabete berarekin alderatuta, jaitsiera % 23,1ekoa da.
Datu horrekin, EAEk aurreko hilabeteetako joera negatibora itzuli da, abuztuan joera hori hautsi eta % 4,8ko hazkundea izan ondoren.
Irailean 6.831 finka eskualdatu ziren EAEn: 607 landa-finkak, eta gehienak ( % 91) hiri-finkak; horietatik erdiak baino gehiago ( % 55) etxebizitzak izan ziren (3.424 guztira), eta gainerakoak bestelakoak, hala nola bulegoak, garajeak, trastelekuak eta orubeak.
Eskualdatutako etxebizitzetatik, 1.985 salerosketa bidez izan ziren (2025eko irailean 2.580 izan ziren) , 885 oinordetzaz, 37 dohaintzaz, 5 trukeaz eta 512 bestelako eragiketez. 1.822 etxebizitza libreak izan ziren eta 163 babestuak.
Salerosketa gehienak ( % 87) erabilitako etxebizitzak izan ziren, 1.589; sustapen berriak, berriz, 396. Lurraldeka, 1.014 saldu ziren Bizkaian, 693 Gipuzkoan eta 278 Araban.
Nafarroa: 2007ko datuetatik urrun, baina ordutik izandako kopururik handiena
2026ko irailean, salerosketa bidezko eskualdaketen kopurua berdin-berdina izan zen bi ekitaldietako irailean: 678 guztira. Horrela, abuztuko jaitsiera gelditu du, orduan % 5,3ko jaitsiera izan baitzuen.
Eskualdatutako fink guztien kopurua aurreko ekitaldiko hilabete berean baino % 2,7 handiagoa izan da. Eskualdatutako ondasun guztietatik, etxebizitzak guztizkoaren heren bat pasatxo dira ( % 35).
Zure interesekoa izan daiteke
Osakidetzako sindikatuek abenduko grebei eutsiko diete Mahai Sektorialean "aurrerapausorik" ezean
Haurrak hazteak hilean 900 euroko gastua dakarkie Euskadiko familiei, eta bost etxetik batek ezin du bere gain hartu
Espainiako Z belaunaldiko gazteen erdiek baino gehiagok zorrak dituzte
Greba eguna berriro Renfen, sarean segurtasun handiagoa eskatzeko
Gutxieneko soldata 1.286 eurora igotzea onartuko du gaur Espainiako Gobernuak
SMU medikuen sindikatuak deitutako grebaren jarraipena % 4koa da, Osakidetzaren arabera
Repsolek Endesa, Iberdrola, Naturgy eta Red Electrica auzitara eraman ditu, itzalaldiagatik
Etxebizitzaren prezioak markak hautsi ditu berriro: 6.662 €/m2, Donostian, eta 4.102 €/m2, Gipuzkoan