SAVE THE CHILDRENEN TXOSTENA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Haurrak hazteak hilean 900 euroko gastua dakarkie Euskadiko familiei, eta bost etxetik batek ezin du bere gain hartu

Save the Children erakundearen txosten batek ohartarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan adingabeak dituzten 35.533 familia inguruk ez dute diru-sarrera nahikorik hazkuntzaren kostuari aurre egiteko. Erakundeak familia-laguntzak indartzea eta 17 urtera arte luzatzea eskatu du.

umeak haurrak ikasturtea eskola niños niñas-curso-escolar-escuela-padres-madres-efe
EITBren artxiboko argazkia

Euskal Autonomia Erkidegoan seme edo alaba bat hazteko batez besteko gastua hilean 899 eurokoa da 2026an, hau da, % 39 igo da 2018tik. Save the Childrenen arabera, familien % 17k ez du kostu hori bere gain hartzeko diru-sarrera nahikorik, ezta errenta osoa horretara bideratuta ere. Egoera horrek urtean 27.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten 35.533 etxe ingururi eragiten die.

Txostenak nabarmendu du, gainera, kostu hori areagotu egiten dela seme-alabak handitu ahala. Gauzak horrela, nerabezaroan, 13 eta 17 urte bitartean, hileko gastua 1.014 eurora iristen da.  

Horiek dira Save the Childrenek egindako Hazkuntzak 2026an Euskadin duen kostua txostenaren ondorioetako batzuk. Ikerketa horretan aztertu dute EAEn hazkuntzak dakarren ahalegin ekonomikoa eta behar horiek asetzeko etxe askok dituzten zailtasunak, eta datuek argi adierazi dute: Euskadi Espainiako batez bestekoaren gainetik dago, eta hirugarren autonomia-erkidego garestiena da, Madrilgo eta Kataluniako erkidegoen atzetik. 

Etxebizitzaren eta elikaduraren zama

Etxebizitza eta elikadura dira Euskadin seme edo alaba bat hazteko hileko batez besteko kostuaren % 45. Elikadurak, adibidez, 227 euro inguruko gastua dakar hilean seme edo alaba bakoitzeko.

Hiru adingabetik bat pobrezia-arriskuan bizi da

Txostenaren arabera, 2024an, Euskadiko haurren eta nerabeen % 30,7 pobrezia edo gizarte bazterketako arriskuan zegoen, eta biztanleria helduaren % 18,7. Helduen artean tasa hori egonkor mantendu den bitartean, haur eta nerabeen artean 6 puntu igo da 2022arekin alderatuta.

Ahultasun horrek modu berezian kolpatzen ditu guraso bakarreko familiak. Guraso bakarreko hamar etxetatik bederatzitan emakume bat da buru, eta, 2024an, etxe horietan bizi ziren pertsonen % 52,1 pobrezia edo gizarte bazterketako arriskuan zegoen.

Haurrak hazteko politika publikoak

Save the Childrenek Euskadiko familientzako laguntzak 17 urtera arte luzatzea eskatu du. Erakundeak adierazi du beharrezkoa dela politika publikoak indartzea.

"Beharrezkoa da politika publikoak indartzea, familia guztiek beren seme-alabei bizi baldintza egokiak eskaini ahal izateko, aukera berdintasun errealean oinarrituta", azaldu du Irati Alvarezek, Save the Children erakundeak Euskadin duen Eragin Politikoko arduradunak.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X