Eusko Jaurlaritzak gazteentzako apartamentu dotazionalak eraikiko ditu Telefonicaren Bilboko eraikin zaharrean
Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak egin du iragarpena Bilboko Bizkaia Aretoan egiten ari diren Euskal Hiria 2026 kongresuaren irekiera ekitaldian.
Eusko Jaurlaritzak Telefonicaren Bilboko Zazpikaleetako eraikin zaharra eraldatu eta gazteentzako apartamentu dotazionalak egingo ditu, Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak astelehen honetan iragarri duenez. Hain zuzen ere, gaur-biharretan Bilboko Bizkaia Aretoan egiten ari diren Euskal Hiria 2026 kongresuaren irekiera ekitaldian egin du iragarpena.
Etxebizitza krisiari erantzuna emateko modu bat jatorrizko eginkizuna "agortu" duten eraikinei bizitegi-erabilera "berriak" ematea dela nabarmendu du Itxasok. Ildo horretan, hainbat adibide jarri ditu: Azpeitiko Esklabak komentu zaharreko 48 zuzkidura-apartamentuak, Arrasateko sindikatuen etxe zaharreko gazteentzako hamabi apartamentuak eta udalerri horretako La Merced ikastetxe zaharra berreskuratzeko egiten ari diren azterketa.
Proiektu horiei gehitu behar zaio Bilboko Gorte kaleko Telefonicaren bulego zaharretan egin nahi dituzten apartamentuak.
"Komentu bat, epaitegi batzuk, fabrika bat, eskola bat, bulego eraikin bat. Eginkizun bat agortu duten eraikinak dira, baina gizarterako erabilgarritasuna agortu ez dutenak" adierazi du Itxasok, eta hau defendatu du: "hiria ondare bizi gisa ulertu behar da, berrinterpretatu, egokitu eta berriro ere premia kolektiboen zerbitzura jar daitekeen ondarea".
Itxasok ez ezik, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Shubhagato Dasgupta NBE-Habitat programako Plangintza eta Finantzetako buruak parte hartu dute kongresuaren irekiera ekitaldian.
40-50 apartamentu Telefonicaren eraikin zaharrean
Guztira, 40-50 apartamentu eraiki nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Eraikina eraldatzeko sei eta zortzi milioi euro arteko inbertsioa egitea aurreikusten dute, eta lanak 2028 bukaeran edo 2029 hasieran hasiko dituzte.