Gobernuak premiaz tramitatuko du 2027ko pentsioetan KPI igotzea
Prozesua bizkortzea da helburua, behin azaroaren 27an ordura arteko inflazioa ezagututa. % 3,5 inguruko igoera aurreikusten dute.
Estatuko gobernuak % 3 eta % 4 arteko igoera aurreikusten du datorren urteko pentsioetan. Igoera hori azaroan azken urtean metatutako inflazioak markatuko du.
Legedian jasotako sistemaren arabera, igoera baldintzatuta dago aurreko 12 hilabeteetako inflazioaren batez bestekoaren arabera, azaroko datura arte. Estatistikako Institutu Nazionalak azaroaren 27an argitaratuko du datu hori, eta kalkuluen arabera, urrian % 4,6 eta azaroan % 4,4 izango da; beraz, pentsioen igoera % 3,52 ingurukoa izango litzateke, .
Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministro eta Gobernuaren bozeramaileak iragarri duenez, Gobernu Kontseiluak "pentsioak igotzeko makineria martxan jartzeko" premiazko tramitazioa onartu du gaur.
% 40tik gorako igoerak zortzi urtean
Ministroak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoa baliatu du pentsio sistemaren bilakaerari buruzko txosten bat aurkezteko, eta nabarmendu du pentsioak % 44,5 igo direla batez beste. Gutxieneko pentsioen kasuan, igoerak % 43 eta % 69 artekoak izan dira eta pentsio ez-kontributiboetan, berriz, %43 eta % 65 artean.
Gainera, ministroak ziurtatu duenez, kotizatzaile eta pentsiodunen arteko ratioa azken 15 urteetako zifrarik onenean dago, 2,51 langile baitaude erretiratu bakoitzeko. Bestalde, "pentsioen itsulapikoa" deiturikoa errekuperatu dela nabarmendu du: 2011n 67 milioi euro izan zituen, eta hamar urtez murrizten joan ondoren (2 milioi euro ingurura iritsi arte), urte amaierarako 20 milioi eurotik gertu egotea espero dute.