Medikuen greba deitu du sindikatu berri batek, hamabi egunerako astelehenetik aurrera
SMU sindikatuaren eskaera nagusia da Medikuen Estatutu bat sortzea, lanbidearen baldintza espezifikoak arautu eta sendagile guztientzat esparru komun bat ezarriko duena, lan egiten duten lekua edozein dela ere.
SMU sindikatu berriak medikuen greba deitu du azaroaren 16tik 27ra Estatu zein erkidego mailan, lan baldintza hobeak eta Medikuen Estatutu bat eskatzeko. Mobilizazioaren helburua da autonomia erkidegoetako medikuen aldarrikapenak koordinatzea, eta Espainiako Gobernuari eta erkidegoetako administrazioei irtenbideak galdegitea.
Esan bezala, sindikatu horren eskaera nagusia da Medikuen Estatutu bat sortzea, lanbidearen baldintza espezifikoak arautu eta sendagile guztientzat esparru komun bat ezarriko duena, lan egiten duten lekua edozein dela ere. Estatutu horrek, besteak beste, soldaten, lanaldien, atsedenaldien, etengabeko prestakuntzaren eta erretiroaren gaineko arauak zehaztu beharko lituzke.
SMUk, gainera, aparteko finantzaketa eskatu dio Espainiako Gobernuari plantillak indartzeko, lan egindako ordu guztien ordainsaria hobetzeko eta galdutako erosahalmena berreskuratzeko. Bestalde, autonomia erkidegoei premiazko neurriak galdegin dizkie, hala nola oraindik lortu ez den lurraldeetan 35 orduko lanaldia ezartzea, eta lankarga arintzeko profesional gehiago kontratatzea.
Euskadin, aldarrikapen horiek bat egiten dute Osakidetzako medikuen lan baldintzei eta medikuen egoera hobetzeko beharrari buruzko eztabaidarekin. Deialdiak aldarrikapen esparru komun bat planteatzen du Estatu osoko profesionalentzat, alde batera utzi gabe osasun zerbitzu autonomiko bakoitzean defenda daitezkeen berariazko eskaerak.
MIR España elkarteak babesa eman dio grebari eta mobilizazio batzordeetan parte hartuko du. SMUk gogorarazi du sei urte baino gehiago daramatzala Estatutu propioa eskatzen, eta uste du osasun arloak egiturazko aldaketak eta administrazioen konpromiso zehatzak behar dituela.
Bestalde, Andaluziako Medikuen Sindikatuak eta Euskadiko Sendagileen Sindikatuak (SME) iragarri dute atzeratu egingo dela azaroaren 21erako Madrilen deituta zegoen manifestazioa, Urdako istripuaren ondorengo gorabeherak eta kanpaina ekitaldiak direla eta. Sindikatuek argitu dute atzerapen horrek ez dituela beren aldarrikapenak etengo, eta Gobernu berriari negoziazioak irekitzea eskatuko diotela.