Z belaunaldiko Espainiako gazteen erdiek baino gehiagok ordaindu gabeko zorrak dituzte
Gainera, 18 eta 24 urte bitarteko gazteen % 78,3k bulkadaz erosten dute sare sozialetan produktuak ikusi ondoren, V. KRUK Behatokiaren arabera.
Egile eskubiderik gabeko irudia.
18 eta 24 urte bitarteko Espainiako gazteen % 54k aitortu dute zorrak dituztela eta zor dutena ordaintzeko arazoak izan dituztela noizbait, populazio osoaren batez bestekoaren gainetik (% 35,5), eta gazteen % 78,3k bulkadaz erosten dute sare sozialetan produktuak ikusi ondoren. Horiek dira Z belaunaldiaren zorrari buruz V. Kruk Behatokiak (KRUK Espainia eta Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak elkarlanean) egindako ikerketaren ondorio nagusiak.
Ordainketa geroratua edo zatikatua
Kontsumo testuinguru horretan, interneten erosketak egiten dituzten gazteen % 90,5ek ordainketa geroratzeko eta zatikatzeko tresnak erabili ohi dituzte. Aitzitik, gainerako herritarren artean erabilera askoz ere apalagoa da (% 39,8).
Black Friday eta Gabonetako kanpainak tarteko, gora egiten du erosketak finantzatzeko hautua egiten dutenen kopuruak. Z belaunaldiko gazteen % 28,3k zatikatu egiten dituzte Black Friday kanpainari lotutako erosketen ordainketak, Gabonetan, berriz, ehuneko hori % 22,2ra jaisten da. Edozein kasutan, ordainketak zatikatzeko joera nabarmen handiagoa da gazteen artean. Izan ere, batez beste, Espainiako herritarren % 9,6k egiten dute hori Black Friday kanpainako erosketetan eta % 9,9k, berriz, Gabonetan.
Z belaunaldiaren batez besteko zorra: 9.478 euro
Z belaunaldiko gazteen batez besteko zorra 9.478 eurokoa da (Espainiako herritarren batez bestekoa 35.854 eurokoa da), eta % 58,7k 1.000 euro baino gutxiago zor du. Gazteen zorpetzea batez bestekoa baino txikiagoa izan arren, konpromiso berriei aurre egiteko duten marjina txikiagoa da. Zehazki, 141,8 eurokoa da.
Belaunaldi zaharragoekin gertatzen den ez bezala, horien zorpetzea hipoteka edo mailegu handiei lotuta baitago, gazteen zorrak interneten eta bulkadaz egindako erosketei erantzuten die.
Espainiako Kontsumitzaileen Elkartetik azpimarratu duenez, "garrantzitsua da erosketak planifikatzea, behar dena eta finantzatutako kapritxo bat zer den bereiztea, eta gogoraraztea erosketarik onena dela gure etorkizuneko lasaitasuna arriskuan jartzen ez duena".
Zure interesekoa izan daiteke
Greba eguna berriro Renfen, sarean segurtasun handiagoa eskatzeko
Gutxieneko soldata 1.286 eurora igotzea onartuko du gaur Espainiako Gobernuak
SMU medikuen sindikatuak deitutako grebaren jarraipena % 4koa da, Osakidetzaren arabera
Repsolek Endesa, Iberdrola, Naturgy eta Red Electrica auzitara eraman ditu, itzalaldiagatik
Etxebizitzaren prezioak markak hautsi ditu berriro: 6.662 €/m2, Donostian, eta 4.102 €/m2, Gipuzkoan