147 km/h-ko haizea neurtu dute Urduñan, eta Bilboko aireportuan hainbat hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte
Bolada gogorren ondorioz, bigarren mailako errepideetan ere mozketak izan dira, zuhaitzak eta adarrak erori direlako hainbat tokitan.
Haizeak gorabehera ugari eragin ditu: 147 km/h-ko ufada gogorrak izan dira Urduñan, eta bertan behera utzi behar izan dituzte Bilboko aireportutik Madrilera eta Frankfurtera doazen goizeko lehen bi hegaldiak.
Bilboko aireportuko gorabeherak atzo arratsaldean hasi ziren, bolada gogorren ondorioz hamar hegaldi baino gehiago beste aireportu batzuetara desbideratu behar izan zituztenean.
Gaur gauean, Urduñan erregistratutako 147 km/h-ko abiaduraz gain, Zugaztietan 133 km/h-ko abiadurara iritsi dira eta Galea lurmuturrean 129 km/h-ko abiadurara. Matxitxakon 128 km/h-ko ufadak izan dira, Garbean 122 km/h-koak eta Zaldiaranen 113 km/h-koak.
Bigarren mailako errepide-sarea da denboraleak gehien kaltetu duenetako bat. Zuhaitzak eta adarrak erori dira hainbat tokitan, hala nola BI-631 Solluben, Hernanin, Azkoitian, Zizurkilen, Larrabetzun eta Markinan.
Gainera, suhiltzaileek 27 esku-hartze izan dituzte azken orduetan, haizetea dela eta.
Egoera horren aurrean, errepidez zirkulatzean kontu handiz ibiltzea gomendatzen da, batez ere bigarren mailako bideetan, galtzadaren gainean zuhaitzak eta adarrak berriro jausi daitezkeelako.