Elikagai-bankuek aurreko kanpainetan baino kopuru gutxiago bildu dute
Beherakada nabarmenagoa izan da Araban; % 20-25 gutxiago jaso dutela kalkulatu dute. Astean zehar supermerkatuetan eskuragarri egongo diren bonuen bidez ekarpenak egiten jarraitzeko eskatu dute.
Bankuetako boluntarioak jasotakoa sailkatzen. Argazkia: EITB
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elikagai-bankuek aurreko kanpainetan baino elikagai gutxiago bildu dituzte asteburu honetan. Jaitsiera orokorra izan da, baina gehiago nabaritu da Araban. Horregatik, aste honetan supermerkatuetan eros daitezkeen bonuen bidez ekarpenak egiten jarraitzeko gonbita luzatu diete herritarrei.
Joan den ostiralean eta larunbatean urteroko bilketa handia egin zuten Hegoaldeko supermerkatuetan eta saltoki handietan, eta astelehen honetan biltegietan bildutako produktuak pisatzen eta sailkatzen aritu dira. Oro har, balorazio positiboa egin badute ere, aurreko kanpainetan baino elikagai gutxiago bildu dela onartu dute.
Bizkaian eta Gipuzkoan, beherakada % 5 eta % 10 artekoa izan da. Bankuen arduradunek prezioen igoerari egotzi diote jaitsiera. "Herritarrek kopuru bera edo gehiago gastatu dute", zioten. Hala ere, Araban, jaitsiera nabarmenagoa izan da, lehen datuen arabera, % 20-25 produktu gutxiago bildu baitute. Kasu honetan, politikari batzuek migratzaileen aurka zabaldutako mezuek eragina izan dutela diote.
Hala ere, bankuetako arduradunek diotenez, gero eta gehiago dira elikagaiak erosi ordez, supermerkatuetan eskuragarri dauden bonuak erostera animatzen direnak, eta gogorarazi dute aste honetan ere ekarpen hori egiten jarrai daitekeela.