Blood gazte taldearen EAEko ustezko buruak atxilotu dituzte
Guardia Zibilak hiru pertsona atxilotu ditu, bi Donostian eta bat Gasteizen, talde kriminaleko kide izatea egotzita.
Blood izeneko banda edo gazte taldearen zelula bat desegin eta Euskal Autonomia Erkidegoko buruak atxilotu dituztela jakinarazi dute astelehen honetan Guardia Zibilak eta Espainiako Barne Ministerioak. Guztira, hiru pertsona atxilotu dituzte Marte operazioaren baitan, bi Donostian eta bat Gasteizen, talde kriminaleko kide izatea eta borroka handietan parte hartzea eta lesioak eragitea egotzita.
Hiru pertsona atxilotzeaz gain, bi etxebizitza eta lokal bat miatu ditu Guardia Zibilak. Gainera, miaketa horietan arma zuri handiak, material informatikoa, gailu elektronikoak, eta drogak egiteko tresneria atzeman dituzte.
Blood taldeak Ameriketako Estatu Batuetan sortu zituzten gazte latinoamerikarrek, eta Guardia Zibilak adierazi duenez, Espainia osoan zehar zabalduta daude.
Ikerketaren arabera, Euskadin atxilotutakoek "harreman zuzena eta etengabea zuten beste zelula batzuetako buruekin" eta horiekin informazioa trukatu eta itunak egiten zituzten lurraldea kontrolatu eta delituak egiteko.
Gasteizko Lehen Auzialdiko Laugarren Epaitegiak koordinatu du operazioa.