Osakidetzak gripearen aurkako 500.000 dosi baino gehiago jarri ditu, eta txertoa hartzeko deia egin du epidemiaren atarian
Egoera epidemiologikoa aurreko kanpainetakoa baino hobea da, eta txertaketari esker izan dela adierazi du Osakidetzak. Azken datuen arabera, EAEren intzidentzia 100.000 biztanleko 7,35 kasukoa da, zirkulazio goreneko mailatik urrun oraindik ere. Hain justu, bereziki 5 urtetik beherako eta 60 urte eta gehiagokoei babesteko deia egin die Osakidetzak.
Erizain bat, gizon bati txertoa ematen. Argazkia: Irekia.
Osakidetzak gripearen kontrako milioi erdi pasatxo dosi, 510.809 zehazki, eman ditu txertaketa kanpaina hasi zenetik. Negu giroa nagusitu eta epidemia bihurtu atarian, txertatzeko deia egin du Osasun Sailak, hori baita norbera eta besteak babesteko modurik onena. Gaur-gaurkoz, egoera epidemiologikoa aurrekoetan baino "hobea" da, eta txertaketari egotzi dio "lorpena". EAEko intzidentzia maila 7,35 kasukoa da 100.000 biztanleko, epidemia mailatik urrun oraindik.
Ingurumari honetan, txertaketa kanpainaren inguruko datuak eman ditu, ohar bidez, Osakidetzak. Azken datuen arabera, 40.799 haurrek eta 3.070 haurdunek jaso dute gripearen kontrako prestakina. Txertatutako 60 urte baino gehiagokoen (beste kolektibo zaurgarria) kopurua ez dute jakinarazi, baina bai estaldura portzentajearenak. Bizkaiak du altuena (% 53,1); Gipuzkoa ageri da bigarren (% 52,1), eta tarte batera, Araba (% 49,2) dago. Hain justu, 60 urtetik gorako arabarrak txertoa lehenbailehen hartzera animatu ditu Osakidetzak, eta une egokiena hau dela azpimarratu. Izan ere, datozen egunetan txertoa hartzen duena babestuta egongo da birusak indarra hartzen duenerako (bi astera lortzen du babes gehien). Bestalde, Covid-19aren kontrako 299.000 dosi eman dituzte.
Datu epidemiologikoei dagokienez, gripearen intzidentzia baxua da oraindik, 100.000 biztanleko 7,35 kasukoa da. Bizkaiak du intzidentziarik altuena (10,90); ondoren, Gipuzkoak (4,00) eta, azkenik, Arabak (2,37). Denboraldi honetan 1.252 gripe kasu erregistratu dira Lehen Mailako Arretan: 843 Bizkaian, 321 Gipuzkoan eta 88 Araban. Horietatik gehienak (832) 20-64 urteko pertsonak dira, eta horrek birusak biztanleria aktiboan modu esanguratsuan zirkulatzen duela adierazten du.
Ospitaleetako larrialdi-zerbitzuetan, gripearen asteko intzidentzia 100.000 biztanleko 4,78tik 6,40ra igo da azken astean. 65 urte edo gehiagoko pertsonak dira larrialdietara arrazoi horrengatik joaten direnak. Azken astean, 30 pertsona erietxeratu dituzte gripeagatik, denboraldiko asteko kopururik altuena. Egun, 28 pertsona daude ospitaleratuta arrazoi horrengatik.
Txertoa hartzeko txanda osasun zentroan, Osakidetzaren webgunean zein aplikazioan eta 900 20 30 50 telefonoan eska daiteke.