A25

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Indarkeria matxistari ezetz esaten dioten gizon ezagunak, Bizkaiko Aldundiaren kanpainaren protagonista

Besteak beste, Dani Alvarez kazetaria, Ramon Barea aktorea, Tryggvi Hlinason saskibaloi jokalaria eta Mikel Santiago idazlea ageri dira. Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun foru diputatuak nabarmendu duenez, "emakumeok denbora daramagu indarkeria matxistaren aurka borrokan. Gizonen txanda da". 

Foru Aldundiaren kanpainaren kartela.

Kanpainaren kartela. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.

Gizonak jarri ditu Bizkaiko Foru Aldundiak A25aren, emakumearen kontrako indarkeria desagerrarazteko egunaren, kanpainako erdigunean. Ez nolanahikoak, dena den: emakumeak errespetatu, babestu, entzun eta andreen eskubide eta askatasunen alde jarduten dutenak; bestela esanda, indarkeria matxistari ezetz esaten dioten gizon ezagunak. 

Teresa Laespada Bizkaiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun foru diputatuak aurkeztu du kanpaina, Aldundiaren egoitzan. Berarekin batera azaldu dira kanpainaren protagonistetako batzuk, gainera. Guztira, bederatzi dira kanpainaren protagonistak: Dani Alvarez kazetaria, Ramon Barea aktorea, Guillermo Buces enpresaburua, Tryggvi Hlinason saskibaloi jokalaria, Kepa Junkera musikaria, Mikel Santiago idazlea, Betto Snay musikaria, Carlos Sobera aurkezle eta aktorea eta Dani Vivian futbolaria. 

Laespadak azaldu duenez, beharrezkoa da gizonek modu publikoan adieraztea indarkeria matxistaren kontra daudela. "Emakumeak denbora daramagu horretan. Gizonen txanda da orain", arrazoitu du.  

"Pauso bat harago joateko unea iritsi da. Ez da nahikoa indarkeria ez erabiltzea. Ez da nahikoa esatea: Nik ez nuke inoiz emakume bat joko. Esan gabe doa hori. Berdintasunean sinesten duten gizon horiek matxismoaren lekuko izateari uzteko garaia da. Hitz egin dezatela, ozen gaitzets dezatela, entzun eta lagun ditzatela emakumeak", azpimarratu du Laespadak. 

Diputatuaren iritzian, gizonezko horietako batzuek eragin handia izan dezakete gazteen artean. "Gure gazteek beste maskulinitate eredu batzuk behar dituzte. Erreferente maskulino berriak, adieraziko dietenak gizon izateko ezinbestekoa dela emakumeak errespetatzea, entzutea eta zaintzea. Eta batez ere, emakumeekin berdintasunean bizitzeak ez dakarrela lekurik edo askatasunik galtzea", azaldu du. 

38 emakume erail dituzte Bizkaian 2004tik; azkena, 2025eko abenduan

Aurkezpena Bizkaiko indarkeria matxistaren biktimak gogora ekartzeko erabili du Laespadak. Ertzaintzaren datuen arabera, iaz 3.595 salaketa aurkeztu zituzten Bizkaian, duela hamarkada bat baino % 29,50 gehiago eta duela 20 urte baino % 62,66 gehiago (askoz gehiago salatzen da). Aurtengo urtarriletik irailera, 3.044 salaketa zenbatu dira, iazko epe berean baino % 11,75 gehiago. Indarkeria matxistaren adierazpen larrienari dagokionez, erailketa matxistak zenbatzen direnetik, 38 emakume hil dituzte gizon matxistek. Azken hilketa matxista Barakaldon gertatu zen, 2025eko abenduan. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X