2027an funtzionarioen soldata % 4,5 handitzea onartu du Espainiako Gobernuak
Gainera, 2027an langile publikoen soldatek % 0,5eko osagarria izango dute baldin eta aurten inflazioa % 1,5 edo gehiago handitzen bada. Atzeraeraginezko ordainketa egingo dute, 2026ko urtarriletik aplikatuko baita % 0,5eko osagarria.
Espainiako Gobernuak lege dekretua onartu du gaur, asteartearekin, 2027an hiru milioi langile publiko baino gehiagoren soldatak % 4,5 igotzeko, 2025eko azaroan sindikatuekin itxitako ituna betez.
Oscar Lopez Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako ministro espainiarrak azpimarratu duenez, "1992tik funtzionarioentzat izandako igoerarik handiena da aipatutakoa".
Lopezek gogorarazi du akordioa egin zutela UGT, CCOO. eta CSIF sindikatuekin, 2025 eta 2028 bitartean langile publikoen soldatak % 11 igotzeko. Itun horri jarraikiz, azaldu du, 2027an langile publikoen soldatek % 0,5eko osagarria izango dute baldin eta aurten inflazioa % 1,5 edo gehiago handitzen bada. Atzeraeraginezko ordainketa egingo dute, gainera, 2026ko urtarriletik aplikatuko baita % 0,5eko osagarria.
"Hitzartutakoa betetzen ari gara", gaineratu du Lopezek, eta gogorarazi du soldaten igoera Kongresutik igaro behar dela orain.
"Inork ez du kontrako botorik emango (...) pentsaezina izango litzateke", azpimarratu du ministroak, eta orain igoerari argi berdea eman ezean 2027an indarrean sartzeko denborarik emango ez duela nabarmendu du.