Osakidetza
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Osasun Sailak Gasteizen antolatu duen ekitaldi bat boikotatu dute Osakidetzako sindikatuek 

HaurSarea programaren hedapenaz jarduteko, prentsa deialdia zuen egina Osasun Sailak Txagorritxu ospitalean. Gaixotasun kroniko konplexuak edo ezgaitzaileak dituzten haur eta nerabeentzako berariazko arreta programa da aipatutakoa.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Osakidetzako sindikatuen protestak bertan behera utzi du Osasun Sailak HaurSare proiektua aurkezteko Gasteizko Txagorritxu ospitalean egin behar zuen ekitaldi publikoa. 

SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak deitu zituzten gaurko EAEko hiru lurraldeetako osasun zentroetan, lan baldintzak hobeak eskatzeko. 

Txagorritxu ospitaleko lehen solairuko atarian, Osasun Sailak prentsa deialdi bat zeukan antolatuta HaurSarea — gaixotasun kroniko konplexuak edo ezgaitzaileak dituzten haur eta nerabeentzako berariazko arreta programa programa — aurkezteko. 

Alberto Martinez Osasun sailburuak parte hartu behar zuen ekitaldian, baina aurkezpena hasi behar zen unean iritsi gabe zegoen oraindik. Horregatik, Iratxe Salcedo Osakidetzako Pediatriako arduradunak eman dio hasiera ekitaldiari.

Handik gutxira, sindikalista talde bat heldu da ekitaldira, komunikabideen kameren atzean jarri da eta oihuka hasi da: "Ospitale honetan ez da propagandarik egiten" eta "Irudi gutxiago eta baliabide gehiago" gisako oihuak entzun dira.

Salcedoren azalpenen aurrean, garrasiak indartu egin dira, eta proiektua jendaurrean aurkezteko baldintzak betetzen ez zirela iritzita, ekitaldia bertan behera uztea erabaki du Osasun Sailak. 

SATSEk ez du gertatutakoa begi onez ikusi

Erizainen sindikatuak, SATSEK, publikoki esan du ez dagoela ados goizean gertatutako "istiluekin". Sindikatu horren hitzetan, ez du jazotakoa babesten, SATSEk ez duelako gisa horretako protestarik deitu.

Zentzu horretan, argitu du gaurko protesten asmoa ez zela ezein agerraldi publiko boikotatzea.

Dena den, osasun profesionalek mobilizatzeko eta beren aldarriak zabaltzeko duten eskubidea irmoki babestu du, betiere "legezko bideetatik egiten badira eta beste langile batzuen jarduna oztopatzen ez badute".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X