TURISMOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Apartamentu turistikoetako egonaldiek enegarrenez, gora: sarrerak ia % 13 igo dira urrian

Landetxeetako eta aterpetxeetako sarrerek, aldiz, behera egin dute (% 8,7 eta % 10,4, hurrenez hurren). Hotelentzat hilabete ona izan da urria, eta bisitarien kopurua % 4,9 hazi da, gehienbat atzerritarrei esker. 

GRAFCAV2809. BILBAO, 02/05/2026.-Turistas en el museo Guggenheim de Bilbao, con un tiempo lluvioso durante el puente del primero de Mayo. EFE/Luis Tejido

Turistak Bilboko Guggenheim museoaren inguruan. Artxiboko argazkia: EFE

EAEko establezimendu turistikoek portaera ezberdina izan dute urrian, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera. Bisitarien kopuruak gora egin du apartamentu turistikoetan ( % 12,7) eta hoteletan (% 4,9), baina beherakada izan da landetxeetan (%8,7) eta aterpetxeetan (% 10,4). Hilero ematen ditu Eustatek Establezimendu turistiko hartzaileen inkestaren datuak, eta azken boladan, nabarmena da apartamentu turistikoen goranzko bilakaera. 

Landetxe, aterpetxe eta apartamentu turistikoen datuak jakinarazi ditu gaur Eustatek; ostiralean, hotelei buruzkoak eman zituen. 

Ehunekoetan hazkunde txikiagoa izan arren, hotelak dira nagusi sarrera kopuruan (380.134) eta gaualdietan (751.881); batez besteko egonaldia 1,98 egunekoa da. Zifra horietatik urrun, apartamentuetan 28.504 sarrera eta 90.378 gaualdi zenbatu dituzte. Hala ere, ostatu mota horien batez besteko egonaldia hotelena baino askoz handiagoa da: 3,17 egun. Landetxeetan 16.202 sarrera erregistratu dira, eta 36.168 gaualdi; batez besteko egonaldia 2,23 egunekoa da. Azkenik, aterpetxe turistikoetan 21.385 sarrera eta 37.350 gaualdi izan dira, eta batez besteko egonaldia 1,75 egunekoa. 

Aipatzekoa da atzerriko turismoaren pisua ezberdina dela establezimenduaren arabera: hoteletan, bisitarien erdiak (% 49,9) atzerritarrak dira;  apartamentu turistikoetan ere antzeko portzentajea dago, apur bat beherago badago ere (guztizkoaren % 45,8). Landetxeetan, aldiz, bisitari gehienak (sarreren % 73,0) Espainiako Estatukoak dira. 

Lurraldekako datuei erreparatuta, bisitari kopuruak gora egin du hoteletan eta apartamentuetan. Azken horietan, nabarmentzekoa dira Arabako eta Gipuzkoako hazkundeak (% 112,8 eta % 33,8). Hoteletan %5eko hazkundeak izan dira hiru lurraldeetan. Landetxeei dagokienez, sarrerek behera egin dute Araban (% 27,7) eta Bizkaian ( % 11,2) baina gora Gipuzkoan (% 33,8).

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X