Osasunbideko profesionalen lan baldintzak hobetzea adostu dute Nafarroako Gobernuak eta sindikatuek
55 urtetik gorako langileak gaueko txandak egitetik salbuestea eta profesionalen prestakuntza bultzatzea dira Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta bost sindikatuk (AFAPNA, LAB, SATSE, UGT, USAE) lortutako akordioak jasotzen dituen neurrietako batzuk.
Nafarroako Unibertsitate Ospitalea, artxiboko irudi batean. Artxiboko argazkia: Europa Press.
Nafarroako Osasun Departamentuak eta bost sindikatuk (AFAPNA, LAB, SATSE, UGT, USAE) akordioa lortu dute Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuko profesionalen lan baldintzak hobetzeko. Hainbat neurri jasotzen ditu akordioak, tartean, 55 urtetik gorako langileak gaueko txandetatik salbuestea, profesionalen prestakuntza bultzatzea eta kontziliazioan hobekuntzak egitea.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Nafarroako osasun sistema publikoa indartzeko bidean "aurrera egitea" ahalbidetuko du akordioak. "Osasunbideak herritarren osasuna zaintzen du eta, hori egin ahal izateko, profesionalak ere zaindu egin behar ditu", azpimarratu du Nacho Iriarte Osasunbideko Profesionalen zuzendariak.
Foru Gobernuaren arabera, helburua Nafarroako osasun sistemak dituen erronkei aurre egitea da: itxaron zerrendak murriztea, lantaldeak handitzea, Lehen Arreta indartzea, behin-behinekotasuna murriztea eta betetzen zailak diren lanpostuak betetzea.
Akordioak 15 milioi euroko eragin ekonomikoa izango du, eta gehiengo sindikalak babestu badu ere, Medikuen Sindikatuak, ELAk eta CCOOk ez dute sinatu.
55 urtetik gorakoak gaueko txandarik gabe
Osasunbideko langile eta profesional guztiei zuzendutako neurriak dira.
Esaterako, 55 urtetik gorako langileak gaueko txandak egitetik salbuetsita egongo dira. Osasun Departamentuak diru partida espezifikoa jarriko du osasun arreta kaltetu gabe neurri hori aplikatu ahal izateko.
Gainera, gaur egun lanaldi murriztua duten langile finkoen lanaldia handitu egingo da, lanaldi osoko lanpostuetara iritsi bitartean horien baldintza ekonomikoak hobetzeko asmoz.
Langileen prestakuntza indartzea ere aurreikusten du Nafarroako Osasun Departamentuak.
Bestalde, guardien araudian hobekuntzak egingo dira, atsedenaldiak bermatzeko eta borondatez egiten diren guardien konpentsazioa hobetzeko.
Azkenik, espezialitate edo zentro jakin batzuetarako diru partidak onartuko dira, besteak beste, pizgarriak ezartzeko, lantaldeak handitzeko, behin-behinekotasuna murrizteko eta betetzen zailak diren lanpostuak betetzeko.