Zallako lan istripu larriaren atzean "prekaritatea" dagoela salatu du ELAk
Herenegun Lucart enpresan larri zauritutako langileak, aldi baterako lanerako enpresa baten bidez kontratatutakoak, ez zuen lan arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntzarik ezta informaziorik ere.
Herenegun gertatutako lan istripu larria salatzeko elkarretaratzea, Lucart enpresaren atarian. Argazkia: ELA.
Herenegun Arangurengo (Zalla) Lucart enpresan gertatutako lan istripua eta behin-behinekotasunak dakarren lan prekaritatea salatu ditu, gaur goizean, ELA sindikatuak. Langile bat oso larri zauritu zen, bobina batek besoa harrapatu ostean. Behargina Aldi Baterako lanerako Enpresa (ABLE) batek azpikontratatuta ari zen lanean.
ELAk elkarretaratzea antolatu du ostegunean, Zallako lan istripua salatzeko. Sindikatuaren arabera, zauritutako langileak ez zuen lan arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntzarik ezta informaziorik ere.
Sindikatuak ohartarazi duenez, "behin-behinekotasunak eta lan prekaritateak langileen arriskuak areagotu" egiten dituzte.
Bestalde, Lan Ikuskaritzaren gabeziak salatu dituzte elkarreratzean, eta ikuskaritzako baliabideak handitzeko eta lan prekaritateari aurre egiteko premia azpimarratu dute.