Kutxabankek Bizum bidezko ordainketa jarri du martxan saltokietan
Aurrerantzean, bankuaren bezeroei aukera emango die banku-kontutik zuzenean eta berehala ordainketak egiteko, SEPA sistemaren bidez. Zerbitzua Android gailuetan aktibatu daiteke Kutxabanken app-aren bidez, edo Android eta iOSen Bizum Pay aplikazioaren bidez.
Kutxabankek Bizum bidez ordaintzeko aukera jarri du martxan dendetan, soilik mugikorra datafonora hurbilduz. CaixaBankek, Banco Sabadellek, Unicajak eta Grupo Caja Ruralek eskaintzen zuten sistema hori.
Bankuak ohar batean azaldu duenez, aurrerantzean bi kanal erabili ahal izango dituzte bezeroek ordainketak metodo berri honen bidez egiteko, SEPA sistemaren bidez: Kutxabanken app-a Android gailuetan eta Bizum Pay aplikazioa Android eta iOSen.
Kutxabankeko terminalak dituzten saltokiek edo dendek dagoeneko onar dezakete ordainketa modalitate berri hori, inolako egokitzapenik gabe.
Nola funtzionatzen du?
Bezeroentzako funtzionamendua erraza eta azkarra da: bezeroak ordainketa-terminalera –TPV edo datafonora – hurbildu behar du telefonoa, eta ordainketa NFC teknologiaren bidez egingo da.
Funtzionalitate berri horrek beste wallet batzuen antzeko ordainketa-esperientzia eskaintzen du, baina berezitasun batekin: zenbatekoa berehala transferitzen da bezeroaren banku-kontutik saltoki edo dendarenera.
Transakzioa berehalako transferentzien Europako SEPA sistemaren bidez egiten da, hau da, ordainketen babeserako eta segurtasunerako Europako esparru bateratuaren bidez.
Android gailuak dituzten bankuko bezeroek zuzenean Kutxabaken aplikaziotik aktiba dezakete modalitate berri hori, alboko menuko “Mugikor bidezko ordainketa” aukerara sakatuz eta Bizum ordaintzeko metodo gisa gehituta. Bigarren aukera Bizum Pay aplikazioaren bidez egitea da, Android eta iOS gailuetarako eskuragarri dagoena.
Erabiltzaile adingabeentzat ere erabilgarri egongo da funtzionalitatea, betiere haien legezko ordezkariaren kontrola badute.