aurreakordioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gizarte arloko esku-hartzearen hitzarmenerako aurreakordioa sinatu du LABek

Soldatei dagokienez, langileek % 22,15eko batez besteko soldata-igoera izango dute. ELAk aurka bozkatu du, eta UGT zein CCOO abstenitu egin dira. Hala, aurreakordioak LABen babesarekin baino ez du egin aurrera; izan ere, gehiengo osoa du pribatizatutako gizarte arloko esku-hartzearen sektorean.

(Foto de ARCHIVO)

Imagen de una manifestación de LAB para reclamar mejoras en las condiciones laborales en el sector de la Intervención Social.



Colaborador / Europa Press

21/11/2026

LABek gizarte arloko esku-hartzearen sektorean lan-baldintzak hobetzeko egindako protesta. Artxiboko argazkia: Europa Press.

LAB sindikatuak aurreakordioa sinatu du gizarte arloko esku-hartzearen sektorean. Besteak beste, soldatak eta lanaldia Administrazio Publikoko langileen baldintzekin parekatzea, antzinatasunari lotutako hobekuntzak, langileen aurkako erasoetatik babesteko neurriak eta atsedenaldiak ordaintzea jasotzen ditu akordioak.

ELAk aurka bozkatu du, eta UGT eta CCOO abstenitu egin dira. Hala, LABen babesarekin baino ez du egin aurrera aurreakordioak; izan ere, gehiengo osoa du pribatizatutako gizarte arloko esku-hartzearen sektorean.

LABek parekatze publikoa aldarrikatu du

LABek ohar batean adierazi duenez, hirugarren hitzarmen honetan sektore publikoko langileekiko parekatzea aldarrikatu du, eta sektoreko langileek egiten duten lana publikoki aitortzeko eta behar dituzten lan-baldintzak bermatzeko borroka egin du.

Soldatei dagokienez, langileek % 22,15eko batez besteko soldata-igoera izango dute. Gauzak horrela, 3. eta 4. taldeetan, Administrazio Publikoarekiko parekatzean aurrera egiteko aukera ematen duten igoerak lortu dira; 2. taldean, berriz, soldata-arrakala murriztea lortu da.

Gainera, hitzarmenaren indarraldia amaitzean, sektoreko soldata-igoerak Administrazio Publikoko langileenekin alderatuko dira, eta egon daitekeen aldea berreskuratuko da. Aurreakordioak hirurteko bat gehiago ere jasotzen du, guztira sei izan arte.

Lanaldiei dagokienez, 2028tik aurrera urteko 1.592 ordukoa izango da, Administrazio Publikoko langileen lanaldi bera. Era berean, 20 minutuko atsedenaldi ordaindua aitortuko da, eta langile bakoitzak bere urteko egutegia izateko eskubidea izango du, txanda guztiak bertan jasota.

Horrez gain, aurreakordioak ezartzen du Batzorde Parekideak 12 hilabeteko epean adostu beharko dituela erasoak erregistratzeko tresna bateratu bat eta jarduteko protokolo bat. LABek garrantzitsutzat jo du bi tresnak sektore osorako komunak izatea, erasoen aurrean irizpide homogeneoekin jarduteko aukera emango baitute.

LABen iritziz, aurreakordioaren sinadura "beste urrats bat da sindikatuak abiatutako borroka-ildoan", eta zaintzen sistema publiko-komunitario baterantz aurrera egitea posible dela erakusten du. "Zaintza-sektore pribatizatuetako langileek, eta kasu honetan gizarte arloko esku-hartzekoek, zerbitzu publikoa eskaintzen diote gizarteari. Horregatik, sektore hau publifikatzearen eta negozioa erabat desagerraraztearen alde borrokan jarraituko dugu", adierazi du sindikatuak.

ELAk aurreakordioa kritikatu du

Bestalde, ELAk salatu du LABek sinatutakoa sinatutakoa "presaka" egindako aurreakordioa dela, eta "zazpi urteko bake soziala" bermatzen diela patronalei, soldatak KPIaren aurrean babestu gabe eta Administrazio Publikoarekiko benetako parekatzean aurrera egin gabe.

Ohar batean, ELAk ohartarazi du aurreakordioak zazpi urteko indarraldia aurreikusten duela (2026-2032), "KPIaren igoerarekiko inolako soldata-bermerik gabe". Sindikatuaren arabera, epe hori "luzeegia da egungo egoera ekonomikoan, non erosteko ahalmenaren galera baztertu ezin dugun errealitatea den".

Gainera, ELAren ustez, "ez da parekatze publikorantz urratsik egiten, lanaldi-murrizketaz harago", eta azken hori positibotzat jo du sindikatuak. Era berean, ohartarazi du soldata-igoerak funtzio publikoaren ehuneko berberetan bermatzeak ez duela esan nahi Administrazio Publikoko langileekiko soldata- eta lan-baldintzen berdintasuna bermatzen denik.

Gainerako edukiei dagokienez, sektorearen aldarrikapen ugariri erantzuteko neurriak falta direla salatu du ELAk. Besteak beste, lan-osasunaren, lanaldi partzialeko kontratazioaren, euskararen, berdintasunaren, prekaritatearen aurkako neurrien, lotura-baldintzen eta adineko langileen egoeraren inguruko neurriak aipatu ditu.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X