Metro Bilbaoko segurtasun langileek lanuzteak egingo dituzte abenduan eta urtarrilean
CCOOk eta USOk plusak igotzeko eta langileentzako babes-neurriak eta atseden gehiago eskatzen dute.
Bilboko metroko segurtasun langileek bost lanuzte partzial egingo dituzte abenduan eta urtarrilean, besteak beste, Eguberri egunean eta Urtezahar gauean, garraio publikoaren erabiltzaile batzuen partetik jasotzen dituzten erasoen aurrean segurtasuna eta baldintza "duinak" eskatzeko.
CCOO eta USO sindikatuek Eusko Jaurlaritzan erregistratu dute deialdia, Prosegur SIS eta I-SEC Aviation Security enpresekin akordiorik ez lortuta.
CCOOk zehaztu duenez, lanuzteak abenduan eta urtarrilean izango dira:
- Abenduak 6, ostirala, 14:00etatik 16:00etara
- Abenduak 12, larunbata, 6:00etatik 10:00etara
- Abenduak 19, larunbata, 6:00etatik 10:00etara
- Abenduak 25, ostirala, 13:00etatik 17:00etara
- Urtarrilak 1, ostirala, 1:00etatik 3:00etara eta 7:00etatik 9:00etara
Gaur goizean Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan enpresetako ordezkariekin egindako bilera akordiorik gabe bukatu da. Lanuzteak egin aurretik, zaindariek zazpi elkarretaratze egin dituzte Metro Bilbaoko bulegoen aurrean, jasaten dituzten erasoak "asko areagotu" direla salatzeko eta babes-neurri gehiago eta soldata-osagarri hobeak eskatzeko.
Sindikatuek eskatzen dute zerbitzuaren baldintza bereziak konpentsatzeko plusak igotzea, babes-neurri gisa gel-spray-ak erabili ahal izatea, plantilla indartzea, txanda bakoitzeko 15 minutuko bi atsedenaldi ezartzea eta geltokirik gatazkatsuenetan binaka lan egitea.