LAN ESKAINTZA PUBLIKOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gaur amaituko dira Osakidetzako lan eskaintza publikoko bigarren faseko azterketak

Bigarren fase honetan hautagai gehien biltzen dituen eguna da: 8.831 pertsona, bost kategoriatan banatuta. Bestalde, lan eskaintza publikoaren hirugarren fasean izena emateko epea ostiral honetan, 14:00etan, amaituko da.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Osakidetzako 2023-2024-2025 Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) bigarren fasea azken txanpan sartu da. Izan ere, gaur egingo dira bigarren fase horretako azken azterketak Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC). Azterketak lau egunetan banatu dira eta gaurkoa izango da hautagai gehien bilduko dituen jardunaldia: 8.831 pertsona, bost kategoriatan banatuta. 

Gaurko saioa 09:00etan hasi da, 1.839 hautagai dituen Administrazio eta Kudeaketako Erdi Mailako Teknikariaren kategoriarekin. 12:00etan Antolakuntzako Goi Mailako teknikariaren txanda izango da, deitutako 1.304 pertsonarekin. 15:00etan aldi berean egingo dira Gizarte Langileen kategoriako azterketak (1.799 hautagai) eta Ekonomiako Goi Mailako Teknikarienak (968). Azken azterketa 18:00etan izango da, fase honetan hautagai gehien (2.921) dituen Erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten kategorian izena eman dutenekin. 

Horrenbestez, amaiera emango zaio azaroaren 6an Gasteizen hasi zen bigarren faseari. Fase horretan, 21.408 pertsonak eman zuten izena, 41 lanbide kategoriatan.

Hirugarren fasea

Bestalde, lan eskaintza publikoaren hirugarren fasean izena emateko epea, ostiral honetan, 14:00etan, amaituko da. Fase horretan, 42 kategoria gehiago daude: 40 Medikuntzan espezialistak diren fakultatiboenak, Ospitaleko Farmaziarakoak eta Giza Nutrizioan eta Dietetikan diplomatuenak. Azterketak 2027ko otsailetik aurrera egingo dira.

Hurrengo deialdiak

Desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako lan eskaintza publikoa: izen ematea irekita

Une honetan izena emateko epea irekita dago desgaitasun intelektuala duten pertsonei berariaz zuzendutako Osakidetzako lehen lan eskaintza publikoa. Izen ematea azaroaren 23an zabaldu zen, eta abenduaren 21ean, 14:00etan, amaituko da. Oraingoz 200 lagunek baino gehiagok eman dute izena. Deialdiak 30 plaza eskaintzen ditu, hiru kategoriatan: 13 Zerbitzu Laguntzaileetako Langileentzat, 12 Zeladore Laguntzaileentzat eta 5 Erizaintzako Zainketa Laguntzaileetako Teknikari Laguntzaileentzat. Desgaitasun intelektualaren diagnostiko aitortua eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun maila duten 16 urtetik gorako pertsonek har dezakete parte, baita balorazio prozesuan daudenek ere. 

Betetzeko zailak diren lanpostuetarako lan eskaintza publikoa

Osakidetzak abenduaren 15ean argitaratuko ditu betetzeko zailak diren lanpostuen 2026ko lan eskaintza publikoaren oinarriak. Ezohiko deialdia da, 74 lanposturekin, betetzen zailenak izaten diren lanpostuetan profesionalak era egonkorrean sar daitezen. Osakidetzak Lehen Mailako Arretan jarri du lehentasuna, Familia Medikuen 25 plazarekin eta Lehen Mailako Arretako Pediatren 9 plazarekin. Berrikuntza gisa, eskualdeetako ospitaleetako 39 plaza sartu ditu, horien artean 19 Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiakoak, 8 Digestio Aparatukoak eta 7 Ospitaleko Larrialdietakoak. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X