KPIa % 4,1era jaitsi da azaroan, datu aurreratuaren arabera
Kontsumoko prezioen indizearen (KPI) urte arteko tasa % 4,1era jaitsi da (aurreko hilean baino 8 hamarren gutxiago), ibilgailu pertsonalentzako erregaien eta lubrifikatzaileen merkatzearen (2025eko azaroan igo egin ziren), eta jantzien eta oinetakoen prezioen igoera txikiagoaren ondorioz.
Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) azaroko KPIaren datu aurreratua argitaratu du. Azaroan, dieselaren deskontua mantendu egin da (20 zentimo litroko) eta gasolinarena 5 zentimotik 20ra igo da.
Ibilgailu pertsonalentzako erregaien eta lubrifikatzaileen beheranzko eragina nabarmentzen da. Izan ere, 2025eko hilabete bereko igoeraren aldean, jaitsi egin dira. Bestalde, jantzien eta oinetakoen prezioak iazko azaroan baino gutxiago igo dira.
Azpiko inflazioa bost hamarren jaitsi da, % 2,6raino
Azpiko inflazioari dagokionez (normalean gainerakoak baino aldakorragoak diren elikagai elaboratuen eta produktu energetikoen prezioak kontuan hartu gabe), urteko aldakuntza-tasa % 2,6koa da, urrian baino bost hamarren gutxiago.
Urtarriletik izan den tasarik txikiena da, bederatzi hilabetez jarraian % 2,9 ingurukoa izan ondoren. Ekonomia Ministerioak azpimarratu duenez, "inflazio energetikoa kontsumoko prezioen saskira zabaldu ez den seinale da".
Urriaren aldean, kontsumo-prezioek % 0,6 egin dute behera azaroan (jaitsierarik handiena 2024ko irailetik) eta negatibora itzuli dira aurtengo urtarriletik lehen aldiz.