Onnera taldeak Fagorretik irtetea erabaki du
Onnera Groupek Fagor taldetik irtetea erabaki du. Gaur egin dute Fagor taldetik ateratzeko batzarra eta bozketa, eta %70eko babesarekin Fagor uztea erabaki dute.
Kooperatibak azaroan ekin zion taldea uztea ala ez erabakitzeko barne prozesuari, baina ez dute inoiz zalantzan jarri Mondragon Taldean jarraitzea. Orain arte bezala, Eraikuntza Dibisioaren bidez kide izaten jarraituko du. Azaldu dutenez, "etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta proiektu sozio-enpresariala garatzeko modurik onenari buruz" hausnartu ostean hartu dute erabakia.
Onnerak ohar batean azaldu duenez, "bai Onnera Groupek bai Fagor Taldeak elkarrizketatik, gardentasunetik eta elkarrekiko errespetu instituzionaletik garatu dute prozesu hori, eta balio horiek izan dira azken hilabeteetan izandako elkarrizketen buru". "Irteera modu ordenatuan eta giro horretan bertan egingo da", gehitu dute.
Lehen Fagor Industrial zenak (2013tik Onnera Group) sukaldaritzarako, garbiketarako eta hotz aplikazioetarako soluzioak eskaintzen ditu. Guztira, zazpi marka edo enpresa ditu: Fagor Professional, Asber, Edesa, Danube, Domus, Primer eta Efficold.
Zazpi fabrikazio lantegi ditu, guztira: Oñatin (egoitza Nagusia), Espainian, Frantzian, Polonian eta Mexikon. Mundu osoan 2.365 langile dituzte. 2025 amaierako datuen arabera, 432 inguru dira bazkideak eta horiek izango dute azken hitza.
Ez da Fagor taldetik ateratzea galdetzen duten lehen aldia. 2022an ere galdera hori bera egin zuten eta orduan bertan jarraitzea erabaki zuten.