Frantzia atzeraldi ekonomikoan sartzeko arriskuan dago, BPGa % 0,2 jaitsi baita urteko hirugarren hiruhilekoan
Urteko lehen hiruhilekoan ere % 0,2ko beherakada izan zuen Frantziako ekonomiak. Bigarrenean, berriz, hazkundea % 0an geratu zen, baina datu horrek ere, berez, uzkurdura txiki bat ezkutatzen du. Emaitza negatibo horien segidak are gehiago zailtzen du Frantziako Gobernuak 2026rako ezarritako hazkunde-aurreikuspena betetzea.
Frantziako ekonomia atzeraldi teknikoan dago, eta hiru hiruhileko daramatza jarraian uzkurtzen. Hirugarren hiruhilekoan, BPGa % 0,2 jaitsi da azkenean, hasieran aurreikusitakoa baino gehiago, Frantziako Estatistika eta Ekonomia Azterketen Institutuak (INSEE) jakinarazi duenez.
Hala, bigarren hiruhilekorako barne-produktu gordinaren (BPG) bilakaera % 0koa zela adierazi bazen ere, datu hori biribiltzearen ondorio da, benetako emaitza zertxobait negatiboa izan baita.
Horrenbestez, atzeraldi teknikoa definitzen duten baldintzak betetzen dira: BPGak bi hiruhilekotan jarraian behera egitea.
Urteko lehen hiruhilekoan ere % 0,2ko beherakada izan zuen Frantziako ekonomiak. Bigarrenean, berriz, % 0ko emaitza eman zuen, nahiz eta, berez, uzkurdura txiki bat izan zen.
Emaitza negatiboen segida horrek are gehiago zailtzen du Frantziako Gobernuak 2026rako egindako hazkunde-aurreikuspena betetzea. Izan ere, Gobernuak dagoeneko beherantz berrikusi zuen aurreikuspena, eta % 0,5ean kokatu zuen.
2027rako Gobernuak egindako aurreikuspena ere zalantzan jarri du egoerak. Orduan, BPGa % 1 haztea espero zuen Exekutiboak, baina Roland Lescure Ekonomia ministroak joan den astelehenean iragarri zuen datozen egunetan edo asteetan eguneratuko zuela aurreikuspen hori.