Euskadin bizi diren 16 eta 85 urte bitarteko emakumeen ia erdiak indarkeria matxista motaren bat jasan du noizbait
Indarkeria matxistari zifrak jarri dizkio Eusko Jaurlaritzak egindako inkesta batek, eta ondorio nagusia argia da: indarkeria matxista presente dago EAEn bizi diren emakumeen bizitzetan eta egunerokoan, bikote-, familia-, lan- edo hezkuntza eremuan, ez ezik, ingurune birtualean ere.
Euskadin bizi diren 16 eta 85 urte bitarteko emakumeen % 48,2k (449.295 emakumek zehazki) indarkeria motaren bat jasan du noizbait (fisikoa – mehatxuak barne –, sexuala eta/edo psikologikoa) emakume izate hutsagatik, izan bikote harremanetan edo haietatik kanpo. Gainera, % 7,4k (68.949) azken urtean sufritu du indarkeria hori.
Adibide batzuk jartzearren: zure bulegoko edo tailerreko, zure auzoko, autobusean zurekin doazen, supermerkatuan ikusten dituzun, familia bazkari batean zure mahai berean esertzen diren edo tabernan ikusten dituzun emakume horien erdiek, indarkeria matxista jasan du bere bizitzaren uneren batean, edo orain ari da jasaten, edozein delarik ere indarkeria matxista mota.
Hori da Eusko Jaurlaritzak 2024an emakumeen aurkako indarkeriari eta pertsonen arteko beste indarkeria mota batzuei buruz egindako lehen inkesta ofizialetik ateratzen den muineko ondorioa. Txosten horretan lagin adierazgarritzat hartu dira 16 eta 85 urte bitarteko 4.500 emakume eta haiei egindako inkesta sakonen datu estrapolatuak jasotzen dira.
Ikerketa egin zen aldian, Euskadin 16-85 urte bitarteko 932.679 emakume bizi ziren eta horietatik 884.756k izan dute bikote harremanen bat.
Ostiral honetan ezagutzera eman den txostenak Euskadiko emakumeek jasaten dituzten indarkeria matxista moten prebalentzia azaltzen du hala nola indarkeria fisikoa, sexu-indarkeria edo indarkeria psikologikoa, adin-tarteak bereiziz (16-29, 30-44, 45-64, 65-85) eta bestelako ezaugarri soziodemografikoei erreparatuz.
Txostenaren arabera, bikotekidea izan duten emakumeen % 29,4k (260.726) indarkeria-motaren bat jasan dute bikote-harremanetan (fisikoa – mehatxuak barne, sexuala eta/edo psikologikoa).
Noizbait bikotekidea izan duten emakumeen % 13,5ek indarkeria fisikoa (mehatxuak barne) jasan du bikote-esparruan bizitzan noizbait. Eta bikote-eremutik kanpo % 15,7k (146.651 emakume) jasan du indarkeria fisikoa (mehatxuak barne).
Sexu-indarkeriari begiratuta, emakumeen % 8,3k (73.743) bikote-esparruan jasan du indarkeria, eta % 26,1ek (243.494) bikote-esparrutik kanpo.
Bikotekidearen sexu-indarkeriazko ekintzarik ohikoenak bortxaketak dira, “nahi ez diren sexu-harremanak izatera behartzea”, izan ukatuz gero datozkion ondorioei beldur delako (% 5,9) izan mehatxatuz, lotuz edo min eginez (% 4,1).
Bikotearen eremutik kanpoko sexu-indarkeriazko ekintzarik ohikoenak genitalen, bularren, ipurdiaren edo ezpainen ukituekin lotuta daude, emakumeak nahi ez zuenean (% 24,4). Emakumearen borondatearen kontrako ukituak alde batera utzita, emakumeen % 7k adierazi du bizitzan noizbait sexu-harremanak izatera behartu dituztela edo behartzen saiatu direla.
Harreman-eremutik kanpoko kasuen % 18,6an, erasotzailea pertsona ezezaguna zen. Gainerako kasuetan, sexu-indarkeria hurbileko inguruneetan gertatu da (ikastetxea, auzoa, lagunen taldea), kasuen % 7,7an, senide baten partetik (% 2,4), edo lan-eremuan (% 1,4). Eta emakumeen % 14,2k hainbat esparrutan bizi izan du sexu-indarkeria.
Emakumeen % 28,6ri (253.788) eragin diote indarkeria psikologikoa bikote barruan, eta % 9,5ek (84.478 emakume) adierazi du azken urtean bikotekidearen edo bikotekide ohiaren beldur izan dela.
Txostenak zehazten duenez, bikotekideen edo bikotekide ohien aurka indarkeria fisikoa erabili duten gizonek maiz indarkeria psikologikoa ere erabiltzen dute, hala izan da kasuen % 94,6tan. Gainera, biktimen % 6,8k bikotekide-ohi bat baino gehiagoren partetik jasan du indarkeria matxista.
Indarkeria matxistaren ezaugarri soziodemografikoak
Txosten honetan bildutako datuek erakusten dutenez, indarkeriak adin guztietako emakumeei eragiten die, baina tasa handiagoa da 30-44 urteko emakumeen artean (% 62,3) eta 16-29 urtekoen artean (% 55,8), eta tasarik txikiena, berriz, 65-85 urtekoen artean (% 30,2).
Beraz, emakume gazteenek bikotearen barruan eta kanpoan indarkeria-motaren bat jasateko probabilitatea, batez ere sexu-indarkeria eta indarkeria psikologikoa, handiagoa dela dirudi, haien prebalentzia-tasek batez besteko tasa nabarmen gainditzen baitute. Hala ere, kontuan hartu behar da balitekeela emakume zaharrenen tasek berez dena baino tasa apalagoa erakustea, jaso duten hezkuntzak baldintzatuta, zailagoa suerta dakiekeelako indarkeriaren berri ematea.
Datuek adierazten dute % 33ko edo handiagoko desgaitasuna aitortua duten eta/edo eguneroko bizitzako jarduerak egiteko muga larriak dituztenek beste emakume batzuek baino probabilitate pixka bat handiagoa dutela indarkeria jasateko (% 49,8 eta % 48, hurrenez hurren).
Nazionalitateari dagokionez, Espainiakoaz bestelako nazionalitatea duten eta bizitzan noizbait bikotekidearen edo beste pertsonaren baten indarkeria jasan duten emakumeen proportzioa espainiarrena baino askoz handiagoa da (% 61,1 eta % 46,8, hurrenez hurren).
Ikasketa-mailaren arabera ere aldeak ikusten dira, baina datuek ez dute erlazio lineal bat ondorioztatzeko aukerarik ematen. Gauza bera gertatzen da etxekoen hileko diru-sarrera garbien mailaren araberako prebalentzia-datuekin. Hala ere, badirudi indarkeriak errenta altuko zein baxuko emakumeei eragiten diela, nahiz eta prebalentzia zertxobait handiagoa den errenta baxuko etxeetan.
Zure interesekoa izan daiteke
20 urteko mutil bat hil da Lekeitioko Antzar Egunean, hesi batetik erorita; ospakizuna bertan behera utzi dute
Gaztea portuan zegoen, antzarren proba jarraitzen, eta bi metro inguruko altueratik erori da. Milaka lagun bildu dira gaur Lekeition, eta ekitaldia normaltasunez ari zen garatzen istripua gertatu den arte.
4.000 pertsona inguru bildu dira Donostiako Sagardo Egunean
Gipuzkoako 32 sagardotegitako sagardoak dastatzeko aukera eskaini dute. Trikitilari eta bertsolarien musikaz girotu dute eguna. Une hunkigarrienetako bat Jabier Ansorena eta Marian Matasen omenezko ekitaldia izan da.
Irailaren 5a Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu dute Irunen
Irungo Udalak Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu du irailaren 5a, Udaleko talde politiko guztien babesarekin. Kolpe militarra, gerra eta diktadura sufritu zituzten irundar guztiak oroitu dituzte gaur.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Urdulizen, hiru pertsonari botilak jaurtitzea leporatuta
06:20 aldera jazo da erasoa, metro geltokitik gertu. 200 bat lagun bildu dira inguruetan. Atxilotua aurretik ere atxilotu dute antzeko gertakariengatik.
Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Barakaldoko hilketaren susmagarriari
Barakaldoko lehen auzialdiko guardiako epaitegiak hartu du erabakia.
Hiru pertsona atxilotu dituzte Gernikan, 14 urteko neska haurdun bat ezkontzera behartzea egotzita
Hiru atxilotuak (adingabearen gurasoak eta 27 urteko gizon bat) behin-behinean aske utzi ditu epaileak. Hala ere, auzitegira joan beharko dute deitzen dituztenean. Halaber, 17 urteko mutil baten bila ari dira, haurraren ustezko aita, baina ez dute aurkitu.
Datorren astean hasiko dira Topoaren lurpeko pasanteko trenen probak
Azpiegitura Gabonetan egongo da erabiltzaileko prest, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera.
Azpeitiko hilketaren ustezko egilea atxilotu dute Ondarroan
Ertzaintza haren bila ari zen asteartetik, eta azkenean, gaur goizaldean, ustezko hiltzaileak bere burua entregatu du ertzain-etxean. Arma bat zeraman soinean, baina oraindik ez dute jakinarazi hilketan erabilitakoa ote den.
Kontrolpean hartu dute Urzainkiko baso-sutea, abuztuaren 14an piztu eta astelehenean bizitu ondoren
Ostiral gauean brigada batek bertan jarraituko du, zaintza-lanak egiten. Joan den asteartean, itzaltze-lanek sutea perimetratzea ahalbidetu zuten, eta, horri esker, su-gune beroen gainean jardun ahal izan zuten. Ordutik, egoerak hobera egin du.
Bederatzi zauritu A-21 errepidean, Irunberrin, bost ibilgailuk talka eginda
Ezbeharra ostiraleko 18:17an jazo da, eta istripuan zauritutako zortzi pertsona Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte. Zaurituek hainbat lesio dituzte, batez ere traumatismoak.