ERTZAINTZARI OMENALDIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Lehendakariak “irizpide propioz, autokontrolez eta justizia senaz jokatzeko” eskatu dio Ertzaintzari

Polizia merezimenduaren dominak eta zorion-agiriak emateko urteroko ekitaldian, Pradalesek Euskal Polizia defendatu, eta “gure gizarteak ez du inoiz Ertzaintzaren instrumentalizazioa onartuko”, nabarmendu du. 

Iragarkia
Pradales lehendakaria Ertzaintzaren omenaldian
18:00 - 20:00

Global Sumud Flotillako kideei Bilboko aireportuan egindako harreran izandako istiluek eragindako polemikaren ostean, Imanol Pradales lehendakariak “irizpide propioz, autokontrolez eta justizia senaz jokatzeko” eskatu die agenteei, eta baztertu egin du Euskal Polizia “instrumentalizatzea” eta hura “arma politiko gisa erabiltzea”. “Gure babesa duzue (....) Era berean, gogoan izan behar duzue: zuongan konfiantza duen euskal gizarte hori zorrotza izango da zuon lanarekin eta zuen jardunarekin", azpimarratu du.

Bingen Zupiria Segurtasun sailburua ondoan zuela, Arkautiko akademian Ertzaintzari urtero egiten zaion omenaldiaren buru izan da lehendakaria. Polizia Merezimenduaren dominak eta zorion-agiriak banatu dituzte bertan, eta ETAk hildako agenteak gogoratu dituzte, baita berriki Elgoibarren zendutako bost foruzainak ere. Zeremonia Josu Bujanda Ertzaintzako egungo buruari agurra egiteko ere baliatu dute, aurki hartuko baitu erretiroa. 

Hitzaldian, 1936an Getxon eraildako Jesus Ortuzar eta Jose Luis Ibañez ertzañak hartu ditu gogoan Pradalesek. Mende erdi geroago, ETAk 15 ertzain hil zituela gogorarazi du Pradalesek. 

Urteotan agenteek erakutsitako "ausardia, talde lana, eskuzabaltasuna eta konpromisoa" goraipatu ditu, eta euskal gizarteak emandako "erantzukizun garrantzitsua" oroitarazi du: "segurtasuna bermatzea". Horren ildoan azpimarratu duenez, "ez da nahikoa aginduak betetzearekin", eta “irizpide propioz, autokontrolez eta justizia senaz jokatzeko” eskatu die agenteei, "hau da, euskal poliziak ezaugarri izan duen deontologia eta gida etikoa beteta". 

"Ez dugu Ertzaintza instrumentalizatzea onartuko"

Nolanahi ere, beste norabidean, honakoa esan du: "Euskal gizarteak exijentzia duen heinean, betebeharra ere badu: euskal polizia defendatzea eta horretan sinistea. Gure gizarteak ez du inoiz Ertzaintza instrumentalizatzea onartuko". 

"Ez dugu onartuko Ertzaintza arma politiko gisa erabiltzea, ez batzuen aldetik, ez besteen aldetik ere. Are gutxiago, hainbat hamarkadatan euskal polizian inoiz sinistu ez duten, horren kontra borrokatu diren edota mespretxuz hartu duten horien eskutik", azpimarratu du. 

Lehendakariak babesa agertu die agenteei, baina zorrotz aritzeko betebeharra gogorarazi die: "Zuongan konfiantza duen euskal gizarte hori zorrotza izango da zuon lanarekin eta zuen jardunarekin".

Josu Bujandari agurra

Esan bezala, Josu Bujanda Ertzaintzaren egungo burua agurtzeko ere baliatu dute gaurko ekitaldia. Bujanda hainbat urtez izan da ertzain, eta 8 urte eman ditu Ertzaintza zuzentzen.

Bujandaren hitzetan, “ohorea” izan da ia hamarkada batez Ertzaintzaren buru izatea, eta egindako lanarekin “kontzientzia garbi” duela esan du. “Akatsak egin ditut, denok gara hezur-haragizkoak”, baina "ez dut onartuko inork Ertzaintzak egindako ibilbidea zikintzerik. Ia dena ondo kudeatzen dugu”.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Zaldibarko hondamendia ikertu zuten ertzainak, sarituen artean

Zaldibarko zabortegiaren hondamendia ikertu zuten ertzainek domina jaso dute gaurkoan. Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak harrapatuta hil zituen hondamendiaren ikerketa “bikaina” egiteagatik egin diete aitortza, kasuak zailtasun tekniko eta juridiko handia izan baitzuen.

Erreskateetan eta ikerketa berezietan parte hartu zuten hainbat agente omendu dituzte, baita Barakaldoko epaitegiko magistratu bat eta Espainiako Poliziako inspektore bat ere.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Otegi: "Euskal Herriak hauteskundeetan frogatuko du antifaxista eta antiautoritarioa dela; ez dut uste partida galduta dagoenik"

Alemanian eskuin muturrak lortutako garaipenaren aurrean kezkatuta agertu da Arnaldo Otegi, EH Bilduko idazkari nagusia, Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan. Otegik ohartarazi du Espainiako eta Frantziako estatuak eskuin muturraren menpe geratzeko arriskua dagoela balizko hauteskunde orokorretan. Hala ere, "partida ez dago galduta" adierazi du, baina egoerari aurre egiteko prest egoteko deia egin du. Zentzu horretan, alderdi abertzaleek zerrenda bateratua osatzearen aldeko apustua berretsi du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X