Pradalesek eta Sanchezek uda ostera atzeratu dute transferentziei buruzko aldebiko bilera
Ubarretxena sailburua Madrilen izan da Espainiako Gobernuko kideekin eskumenen eskualdaketa negoziatzen, baina ez dute akordiorik lortu.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak uda ostera arte atzeratu dute transferentziei buruz Imanol Pradales lehendakariak eta Pedro Sanchez presidenteak egin beharreko bilera, negoziazioetan akordiorik ez dagoelako.
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua Espainiako Gobernuaren ordezkariekin bildu da ostegun honetan Madrilen eskumenen negoziazioarekin jarraitzeko. Jaurlaritzaren iturrien arabera, ez dute ados jartzerik lortu.
Mahai gainean dauden eskumenak dira Gizarte Segurantzaren zenbait alderdi; hala nola kotizaziopeko familia-prestazioak, ezintasun-prestazioak eta mutua laguntzaileekin lotutako gaiak; baita portuen eskumena ere.
Jarrerak elkarrengandik urrun
Joan den asteartean, Ubarretxenak esan zuen "oso zail" ikusten zuela akordio batera iristea, "jarrerak oso urrun daudelako". Gaur berretsi egin dute hori. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzako iturrien arabera, bi gobernuek "adostasunez" erabaki dute Aldebiko Batzordea atzeratzea.
Bi gobernuek abuztuaren hasiera arteko epea zuten eskualdaketak adosteko eta bi agintariek akordioak sinatzeko. Akordiorik ez dela lortu ikusita, bi gobernuek lanean jarraitzeko deia egin dute, aldebiko organo horren hurrengo deialdiak "eduki politikoa izango duen agenda batean eragina izan dezan eta akordio berrietan gauzatu dadin".