Bi gizon atxilotu dituzte Gipuzkoan 24 pertsona legez kanpo garraiatzea egotzita
Ertzaintzak bart atxilotu ditu, Oiartzunen eta Andoainen 13 eta 11 bidaiari zeramatzaten bi furgoneta geldiarazi ostean, azken horretako bidaiarietako bi maletategian zihoazela.
Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu bart Oiartzunen eta Andoainen, pertsonen legez kanpoko trafikoa egotzita. Furgoneta bana zeramaten, eta guztira 24 bidaiari zeramatzaten, bidaiarietako bi maletategian.
Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, lehen furgoneta 01:00etan geldiarazi dute, AP-8 autobidean, Oiartzun parean. Kontrako noranzkoan zihoan, eta 13 pertsona zeramatzan barruan, horietako bi maletategian. Parisera modu irregularrean joan nahi zuten, gehienak Portugaldik. Gidaria, 31 urtekoa, pertsonen legez kanpoko trafikoa egotzita atxilotu, eta ertzain-etxera eraman dute.
Handik gutxira, 15 minutu geroago, antzeko atxiloketa bat egin du beste patruila batek. Modu deigarrian gidatzen ari ziren furgoneta bat ikusi dute Villabonan, eta Andoain aldean geldiarazi dute. 11 lagun zihoazen barruan, guztiak atzerritarrak, Frantziara bidean. Horren aurrean, 33 urteko gidaria atxilotu, eta ertzain-etxera eraman dute, epailearen esku utzi aurretik egin beharreko betebeharrak betetzera.