Polarizazioa alde batera uzteko eskatuz hasi du Leon XIV.a aita santuak Espainiara egindako bisita
Madrilera iritsi denean, Felipe VI .a eta Letizia errege-erreginek, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta hainbat agintarik egin diote harrera. 130.000 pertsona zain zituen Madrilgo kaleetan, Errege Jauregiaren eta Nuntziaturaren artean. Iluntzean, 500.000 gazte elkartu ditu otoitz egiteko.
Leon XIV.a aita santua larunbat goizean iritsi da Espainiako Estatura, eta ekainaren 12ra arte egongo da Madrilen, Bartzelonan eta Kanarietan.
Erromako Fiumicino aireportutik 08:13an abiatutako hegazkina 10:20an lurreratu da Adolfo Suarez Madril-Barajas aireportuan, Vatikanoko ordezkaritza batekin eta 55 hedabidetako 80 kazetarirekin.
Felipe VI.a eta Letizia Espainiako errege-erreginek, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta hainbat agintarik egin diote harrera Madrilera iritsi denean.
Horrela abiatu dute aita santuak Espainiara eta Europar Batasuneko herrialde batera egin duen lehen bidaiaren agenda ofiziala.
Ongietorri beroa egin ostean, Leon XIV.a Madrilgo Errege Jauregira joan da, eta ongietorri egiteko zeremonia ofiziala egin diote. Topaketa ofiziala izan du gero errege-erreginekin, eta Leonor Asturiasko printzesa eta Sofia infanta ere izan dira bertan.
Agintariak agurtu eta gero, Felipe VI.a erregeak eta aita santuak hitzaldia eman dute.
Leon XIV.ak erreferentzia politikoz betetako hitzaldia egin du agintarien aurrean.
Han ziren, besteak beste, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, hamahiru ministro, erkidegoetako presidente guztiak, Imanol Pradales izan ezik (aita santuarekin Kanarietako bisitan izango da), Alberto Nuñez Feijoo PPko buru eta oposizioko burua, Santiago Abascal Voxekoa, Francina Armengol Kongresuko presidentea, Pedro Rollan Senatukoa eta Candido Conde Pumpido Auzitegi Konstituzionaleko presidentea.
"Adiskidetzearen eta lankidetzaren" aldeko mezua
"Zuen aurrera nator fededunek Ebanjelioarekiko duten leialtasunaren berritzea berresteko, bultzatzeko eta inspiratzeko, baita nazio honetako indar ezberdinen arteko adiskidetze eta lankidetza sakonago baterako ere", adierazi du aita santuak.
Leon XIV.ak aurrean zituen entzuleei eskatu die "zuen errealitate sozialaren eta historiaren narratiba zatitzaile eta polarizatzaileak alde batera uzteko, sinplifikazio antzuetatik konplexutasun emankorrera igarotzeko".
"Gaur egun, badirudi handitu egin dela polarizazioen sua piztuz ospea irabazteko tentazioa, murriztu beharrean; eta giza duintasuna etengabe urratzen da. Horregatik kultura, barnekotasuna, hezkuntza aske eta kalitatezkoa, behar ditugu", hausnartu du.
Espainiaren historia ez dela "liskarraren kulturan" oinarritzen esan du aita santuak, eta elkar ulertzeak ekartzen dituela "egonkortasuna eta oparotasuna". Hala, Leon XIV.ak "dena argitzen dutela diruditen baina mundua mamuz eta etsaiz betetzen duten ikuspegi identitario horietatik ihes egiteko" eskatu du.
Halaber, aita santuak eskerrak eman dizkio Espainiari "nazioarteko zuzenbidearekiko eta multilateralismoarekiko leialtasunagatik, bakearen eta herrien arteko elkartasunaren aldeko konpromiso aktiboa baitu".
Abusuen biktimak, hizpide
Aita santuaren aurretik emandako hitzaldian, Felipe VI.ak Espainiako komunitate katolikoaren konpromisoa eta lana nabarmendu ditu, gai korapilatsu bat albo batera utzi gabe: Elizaren barruko abusuak.
"Horren guztiaren aurrean, ezin da kontraste handiagorik egon abusu kasuek eragindako mina baino" esan du Espainiako erregeak, "ez baitira eta ezin baitira izan elizaren komunitate handiaren ordezkari", oharatarazi du du Felipe VI.ak, sexu abusuen salaketei egindako lehen aipamenean.
Aita santuaren "argitasuna eta irmotasuna" funtsezkoak dira biktimentzat, fededunentzat, Elizarentzat eta gizarte osoarentzat, gogorarazi du erregeak. Hain zuzen ere, kazetariekin hizpide izan du aita santuak gai hau, Espainiara eraman duen hegazkinean.
"Nik neuk beti lan egin dut batzordeak eratzeko, arauak egiteko, eta hala egiten jarraituko dut, baita Eliza osoak ere, oraindik irekita dagoen zauri bat delako", esan du aita santuak hegazkinean.
Ildo honetan, Vatikanoak ostiralean jakinarazi zuen Leon XIV.ak abusuen biktimak hartuko dituela Espainiara egindako bisitan, baina ez zituen ez data ez eta deituak zehatu.
Zantzu guztien arabera, Madrilgo Artxidiozesiaren Repara Proiektuan jasotzen diren biktimak izango dira, eta ez azken urteetan mobilizatu diren beste erakundeetakoak, hala nola Infancia Robada edo Reparación Integral Ya elkarteetakoak. Horregatik, horiek iragarri dute astelehenean, Madrilgo nuntziaturaren egoitzaren aurrean protesta-elkarretaratzea egingo dutela.
130.000 pertsona aita santua ikusteko zain
13:30ak pasatxo zirenean hasi du Leon XIV.ak Errege Jauregiko ongietorri ekitaldia amaitu ostean, papamobilean, bere lehen ibilbidea Madrilgo kaleetan zehar.
Armeria plazatik nuntziaturarako norabidean atera da, Almudenako katedraleko kanpaiak berriro jotzen zituzten bitartean. Ibilbide hori – Colon plazan ibilgailu itxi batera igaro da – Madrilgo kaleetan bildutako 130.000 pertsonen begiradapean egin du, Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera.
Behartsuen alderko mezuak Caritasen ekitaldian eta 500.000 lagun bijilian
Arratsaldean, Caritasen CEDIA 24 orduko zentroa bisitatu du 18:00etatik aurrera aita santuak, Madrilgo Lucero auzoan. Caritasek etxerik gabekoekin eta egoera zaurgarrian dauden pertsonekin egiten duen lana bertatik bertara ezagutu du bertan.
"Karitateak ez du atzerapenik onartzen", esan du Leon XIV.ak katolikoei behartsuenak artatzeko deia egin dien ekitaldi honetan. "Ezin dira pobreak ahaztu Ebanjeliotik eta Elizaren korronte bizitik atera nahi ez badugu", ohartarazi du.
Ildo horretan, "ideologia mundutarrek" eta "injustiziak eta engainua dakartzaten jarrera politiko eta ekonomikoengandik kutsatzen" uzten diren kristauak egotea deitoratu du.
Aita santuaren bisitaren lehen eguna Limako plazan amaitu da, gazteekin otoitz egiteko bijilia jendetsua eginda. Musikaz gozatu, testigantzak entzun eta otoitz egiteko uneak uztartu dira, aita santuaren eta bertaratutakoen arteko elkarrizketa zuzenak izateaz gain.
500.000 pertsona bildu direla eman du jakitera Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkaritzak.
Aita santuak sareetako "gezurren" aurrean egia bilatzera gonbidatu ditu gazteak, "gizarteari norabide berria ematera" eta "axolagabekeriaren eta konformismoaren hutsunetik, gerraren eta gezurraren indarkeriatik", ihes egitera.
"Ideologiak igaro egiten dira, egiak dirauen bitartean", azpimarratu du Leon XIV.ak, eta gazteei "gizatasun berri baten txinparta" izan daitezela eskatu die. Azkenik, "misio bat" eman die.
"Hauxe da misioa: izan zaitezte gizakiak. Bai, izan gizakiak! Hezur-haragizko gizon-emakumeak. Ez itxurak, aurpegi fidagarriak baizik", izan da aita santuak bere bidaiaren lehen egunean utzi duen enkargua.
Igande honetan, Cibeles plazan meza emanez hasiko du eguna, eta ondoren, kulturaren eta kirolaren munduarekin bat egingo du Movistar Arenan.
"Alzad la mirada" (Altxatu begirada) da Leon XIV.aren bisita honen leloa. Aita santu izendatu zutenetik nazioartera egin duen laugarren bidaia du honakoa.
Egun hauetan Madrilek milioi eta erdi bisitari hartuko dituela aurreikusten da.
Zure interesekoa izan daiteke
36 urteko euskal mendizale bat larri zauritu da Asturiasen, eskalatzen ari zela harkaitz bat erorita
Antza denez, harria emakumea zegoen tokitik 300 bat metrora goragotik erori da. Garezurreko traumatismo larria izan du, eta Asturiasko Unibertsitate Ospitale Nagusira (HUCA) eraman dute.
Epailearen aurretik igarotzeko zain jarraitzen du Azpeitiko ustezko hiltzaileak
Ertzaintza haren bila ari zen asteartetik, eta azkenean, larunbat goizaldean, ustezko hiltzaileak bere burua entregatu du Ondarroako ertzain-etxean. Arma bat zeraman soinean, baina oraindik ez dute jakinarazi hilketan erabilitakoa ote den.
Ehunka lagunek harrera egin diote Freedom Flotillako ontziari Euskadin
Asteartera arte (hilak 8), Euskadin egoteko asmoa du. Egun horretan, Vigora abiatuko da, eta, ondoren, Mediterraneoko beste hainbat gunetara jarraituko du. Ontziak Bilbon egingo duen egonaldian, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, besteak beste, hitzaldiak, emanaldiak, Palestinako azoka eta flotillako aktibistekin prentsaurrekoa.
25 urteko emakume bat atxilotu dute Eltziegon, bikotekidea harrapatzea leporatuta
Etxeko indarkeriaren esparruan hilketa-saiakera delitua egotzi diote. Gertaera larunbat goizean jazo da, 07:30ak aldera. Atxilotua polizia-etxera eraman dute eta, eginbideak amaitu ondoren, epailearen esku utziko dute.
20 urteko mutil bat hil da Lekeitioko Antzar Egunean, hesi batetik erorita; ospakizuna bertan behera utzi dute
Gaztea portuan zegoen, antzarren proba jarraitzen, eta bi metro inguruko altueratik erori da. Milaka lagun bildu dira gaur Lekeition, eta ekitaldia normaltasunez ari zen garatzen istripua gertatu den arte.
4.000 pertsona inguru bildu dira Donostiako Sagardo Egunean
Gipuzkoako 32 sagardotegitako sagardoak dastatzeko aukera eskaini dute. Trikitilari eta bertsolarien musikaz girotu dute eguna. Une hunkigarrienetako bat Jabier Ansorena eta Marian Matasen omenezko ekitaldia izan da.
Irailaren 5a Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu dute Irunen
Irungo Udalak Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu du irailaren 5a, Udaleko talde politiko guztien babesarekin. Kolpe militarra, gerra eta diktadura sufritu zituzten irundar guztiak oroitu dituzte gaur.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Urdulizen, hiru pertsonari botilak jaurtitzea leporatuta
06:20 aldera jazo da erasoa, metro geltokitik gertu. 200 bat lagun bildu dira inguruetan. Atxilotua aurretik ere atxilotu dute antzeko gertakariengatik.
Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Barakaldoko hilketaren susmagarriari
Barakaldoko lehen auzialdiko guardiako epaitegiak hartu du erabakia.
Hiru pertsona atxilotu dituzte Gernikan, 14 urteko neska haurdun bat ezkontzera behartzea egotzita
Hiru atxilotuak (adingabearen gurasoak eta 27 urteko gizon bat) behin-behinean aske utzi ditu epaileak. Hala ere, auzitegira joan beharko dute deitzen dituztenean. Halaber, 17 urteko mutil baten bila ari dira, haurraren ustezko aita, baina ez dute aurkitu.