Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Pentsiodunek ez dute trukerako txanpona izan nahi: "Ez dezatela pentsioekin jolastu"

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, milaka pertsona bildu dira Bilbon eta Donostian egin diren manifestazioetan. Kolektiboak berriro eskatu du gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea, bereziki emakume pentsiodunak "duintasunez bizi daitezen eta hilaren amaierara irits daitezen".

18:00 - 20:00

Pentsiodunek manifestazioa egin dute gaur, larunbata, Bilbon eta  Donostian, pentsioekin ez jolastea eskatzeko, Kongresuan "trukerako txanpon gisa" erabiltzen dituztela iritzita. Gainera, pentsioen balioa automatikoki eguneratzea galdegin dute.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, bostehun pertsona baino gehiago batu dira Bizkaiko hiriburuan, 17:30ean Moyua plazatik abiatu eta Bilboko Kale Nagusia zeharkatu duen manifestazioan.

Pankarta handi baten atzetik egin dute ibilbidea, aurretik txistulariak zituztela, eta "Ez dezatela pentsionekin jolastu" leloa lagun. Ohiko aldarriei "Pentsioaren balioa handitzea betebeharra da" mezua batu diete.

Ildo horretan, euskal pentsiodunak oso haserre agertu dira, bigarren urtez jarraian politikariek "trukerako txanpon gisa" erabili dituztelakoan; izan ere, urtarrilaren 27an, PPk, Voxek eta Juntsek batzen duten gehiengoari esker, 2026rako pentsioen balioa handitzeko lege-dekretua indargabetu zuten.

"Gure pentsioekin ez jolastea eta horien balioa urtez urte handitzea nahi dugu", azaldu du Andrea Uña bozeramaileak.

Era berean, gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko eskaera berretsi du kolektiboak, bereziki emakume pentsiodunak "duintasunez bizi daitezen, eta hilaren amaierara iristeko aukera izan dezaten".

Azkenik, "bidezkoa den aldarrikapen baten alde borrokatzen" jarraituko dutela ohartarazi dute, "pentsio publikoak eta duinak" lortu arte.

Donostian eguerdian egin dute manifestazioa, eta Gasteizen eta Iruñean astelehenean aterako dira protesta egitera.

Datorren ostegunean, otsailaren 26an, Kongresuko osoko bilkurak pentsioen dekretua bozkatuko du berriro.

Zure interesekoa izan daiteke

Mercosur protesta Gasteizen
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Mercosurren eta EBren arteko akordioaren kontra egin dute ehunka lagunek Gasteizen

Lehen sektoreko kideek, traktore eta guzti, manifestazioa egin dute larunbat honetan Gasteizen, Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko akordioaren aurka eta Euskal Herriaren elikadura-subiranotasunaren alde. Araba Bizirik, Ataca, Bionekazaritza eta UAGA elkarteek deitutako protestan, itun horrek elikagaien osasuna eta segurtasuna arriskuan jarriko dituela salatu dute, "Europan debekatuta dauden pestizida, transgeniko eta osasunerako kaltegarriak diren hormonak erabiltzen dituzten multinazionalei ateak are gehiago irekitzen dizkielako".

Gehiago ikusi
Publizitatea
X