Teresa Romero ebolaz kutsatutako erizaina 'oso larri' dago
Teresa Romero erizain laguntzailearen egoerak okerrera egin du azken orduetan eta "oso larri" dago, Javier Rodriguez Madrilgo Osasun kontseilariak jakinarazi duenez. Egunean zehar pazientearen egoerak nabarmen okerrera egin du.
Elvira Gonzalez SAE sindikatuko idazkariak azaldu duenez, pazientea "larri eta intubaturik dago, eta akats multiorganikoak ditu". Hala ere, Carlos III ospitaleko iturriek informazioa gezurtatu dute.
Albiste txarrak
Datu kontrajarriak izan dira azken orduetan Teresa Romeroren osasun egoeraren harira. Ignacio Gonzalez Madrilgo Erkidegoko presidenteak goizean adierazi duenez, gaixoak "hobera" egin du. Dena dela, handik ordu gutxira, kontrakoa esan du Romeroren nebak eta berria baieztatzera atera behar izan da erietxeko zuzendaritza.
Ospitalearen kanpoaldean egindako agerraldi labur batean, Romeroren egoeraren xehetasunik emateko baimenik ez duela adierazi du Yolanda Fuentes Carlos III erietxeko zuzendariordeak baina, "okerrera" egin duela baieztatu du. "Informazio gehiago ematea galarazi digu, eta bere borondatea errespetatu behar dugu", erantsi du.
Baieztapen ofiziala heldu baino lehen mintzatu da Jose Ramon Romero, ebolaz kutsatutako erizain laguntzailearen neba. La Sexta telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, arrebak arnasteko arazoak ditu eta hodia sartu behar izan diote. 14 mediku ari dira erizain laguntzailea artatzen, eta gaixoaren nebak jakinarazi duenez, beste botika bat emango diote.
V Televisión katean egindako elkarrizketa batean, bestetik, Teresaren nebak esan du ez dutela itxaropen handirik. "Itxaropenik? Ezinezkoa ez da, baina medikuak esan dit ez dagoela itxaropen handirik, egoera oso zaila dela", adierazi du.
Bestalde, ospitaleratu baino lehen erizainak 38,6 graduko sukarra izan ez zuenik zalantzan jarri eta gero, "inor kriminalizatu" nahi ez duela adierazi du gaur Javier Rodriguez Madrilgo Osasun kontseilariak.
"Ez dut inor kriminalizatu nahi, gertakariak azaldu ditut, egia ala gezurra izango dira, baina kontrakoa frogatu ezean horrela gertatu zen", esan du Rodriguezek Madrilgo Asanbladan.
Romerori, haren senitartekoei eta osasun-langile guztiei barkamena eskatzeko eskatu dio Maru Menendez PSMko diputatuak Osasun kontseilariairi.
14 lagun ospitalean
14 pertsona La Paz-Carlos III ospitalean daude; izan ere, azken orduetan zazpi lagun gehiago ospitaleratu dituzte, besteak beste, ebola duen erizain laguntzailea depilatu zuten bi ile-apaintzaileak. Gainera, Manuel Garcia Viejo misiolaria artatu zuen erizain batek alta jaso du.
Teresari ilea kendu zioten bi ile-apaintzaileak, mediku bat, bi erizain, zelari bat eta erizain ikuskatzaile bat ospitaleratu dituzte azken orduetan. Hala ere, ez dute sintomarik.
Zazpi pertsona horiek arrisku handiko kontaktuen zaintzarako solairuan sartu dituzte, nahiz eta sintomarik ez azaldu. Gainera, birusaren proban negatibo eman eta gero, alta jaso du Garcia Viejo artatu zuen erizainetako batek.
Bitartean, Garcia Viejo artatu zuen beste erizain bat bigarren probaren emaitzaren zain dago, aurrenekoan negatibo eman eta gero. Bestalde, osasun-langileak beste 12 lagun ikuskatzen ari dira.
Javier Limon ebolaz kutsatutako erizainaren senarrak ospitalean jarraitzen du, baita Alcorconeko ospitalearen larrialdi zerbitzuko sendagilea eta osasun zentroko medikua ere. Era berean, Summako osasun-langile bat eta Carlos III ospitaleko mediku bat ikuskatzen ari dira, biek Romero artatu dutelako.

Osasun-langileak laugarren solairuko pazienteak lekualdatzen. Argazkia: EFE
Ospitaleko laugarren solairua hustu dute. Ebolarekin lotutako pazienteak artatzen ari diren profesionalei lekua uzteko egin dute, zentroak jakitera eman duenez.
Horrela, solairuan zeuden pertsona batzuek alta jaso dute eta beste batzuk ospitaleko beste eraikinetara lekualdatu dituzte: La Paz eta Cantoblanco. Guztira, 18 paziente zeuden laugarren solairuan.
Protokoloan, akatsak
Alcorconeko (Madril) Ospitalean ebola duen erizaina artatu zuen medikuak segurtasun protokoloan hainbat akats izan zirela salatu du, bere nagusiei igorritako eta gaur hedabideek publikatutako gutun batean.
Sendagileak 16 orduz artatu zuen erizaina, ebola proba egin baino lehen.
Horren esanetan, eman zioten segurtasun jantziaren besoak "motz" geratzen zitzaizkion. Gainera, ebola proban erizainak positibo eman zuela hedabideen bitartez jakin zuela gaineratu du.
Medikua bakartu egin zuten atzo arratsaldean Carlos III.a Ospitalean. Bere kabuz joan zen atzo osasun zentro horretara, badaezpada, birusarekin harreman zuzena izan baitu. Dena dela, ez du sintomarik, eta, beraz, nahiz eta ebola eduki, ezingo luke birusa transmititu.
Gizonezkoak azaldu duenez, bera izan zen Alcorconeko Ospitalean erizaina artatu zuen mediku bakarra, eta gelara "erizainekin batera" baino ez zen sartzen.
Agintarien akatsak
Agintariek akats zerrenda luzea egin dute ebolaren kudeaketan. Adibidez, sei egun pasatu ziren ebola duen erizaina bakartu zuten arte, eta osasun langileek prestakuntzarik eman ez dietela salatu dute azken egunetan.
Atzo, erizainak aitortu egin zuen eskularruekin aurpegia ukitu zuela, eta balitekeela hala kutsatu izana. Osasun langileek norbaitek lagunduta kendu behar dute segurtasun jantzia, baina erizaina bakarrik zegoen. Beste akats bat protokoloan, baina ez azkena.
Horren ildotik, El Pais egunkariak jakinarazi duenez, Madrilgo Osasun Kontseilaritzak entzungor egin zien erizaina etxetik Alcorconeko Ospitalera eraman zuten andazainei. Emakumezkoak ebolaz hil ziren elizgizonak artatu zituela eta bera ere kutsatuta dagoela uste duela esan zien, eta horiek agintariak ohartarazi zituzten, baina osasun administrazioak ez zien jaramonik egin.
Anbulantziak ospitalera eraman zuen azkenean emakumea, segurtasun neurri egokiak ez zituen arren. Are gehiago, ebola duen emakumea osasun zentroan utzi eta gero, gaixoak garraitzen jarraitu zuen.
Erizainen lan poltsa
Kutsatutako erizaina eta ebola kasu posible guztiak artatzeko soilik zazpi lagun lanean aritzea deitoratu du Manuel Torres CSI-F sindikatuko ordezkariak. Zentzu horretan, Miguel Pajares elizgizona dozena bat langilek artatu zutela gogorarazi du Torresek.
"Orain boluntario gutxi gaude. Ondorioz, poltsa bat sortu dute. Carlos III ospitalean lanean ari diren pertsonak gutxiago dira orain. Lan egiteko jende gutxiago dugu murrizketen ondorioz. Aurreneko ebola kasuan La Pazeko ZIUren lankideen laguntza izan genuen, orain La Pazeko erizainak, ostera, ez dira agertu. Erizainen lan poltsatik langileak kontratatu dituzte baliabideen eskasiari aurre egiteko", ziurtatu du Torresek.
Zure interesekoa izan daiteke
Ikusmin handia EITBren Bilboko egoitzan, Olentzero eta Mari Domingi agurtzeko eta azken gutunak emateko
Haurren gutunak jasotzen eta haiekin argazkiak egiten izan dira biak ostiral arratsaldean, Bilboko kaleetan zehar egingo duten kalejiraren aurretik. Abenduaren 23an izango da hori, eta zuzenean jarraitu ahal izango da streaming bidez eitb.eus-en, 18:30etik aurrera, Anabel Arrizaren eta Aritz Mendiolaren kontakizunarekin. Emanaldia asteazken arratsaldean emitituko da ETB1en.
Migrazioa delinkuentziarekin eta zerbitzu-abusuarekin lotzen dutenen kopurua jaitsi da
Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako azterlan baten arabera, euskal herritarren % 10ek baino gutxiagok aipatzen du immigrazioa herrialdeko arazo nagusietako gisa, eta % 2,7k baino ez dio modu pertsonalean eragiten diola.
Gipuzkoako Auzitegiak absolbitu egin ditu haurra hiltzen saiatzeagatik akusatu zituzten gurasoak
Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak absolbitu egin ditu gurasoak, haurra hiltzen saiatzeagatik akusatu ostean; ondorioztatu du ezin izan dela frogatu, neskatoaren lesioek jatorri traumatikoa zutenik edo kolpe baten ondorio zirenik.
3I/ATLAS kometa Lurrera ahalik eta gehien hurbildu da, eta ezustekorik gabe urruntzen ari da
Zientzialari errusiarrek baztertu egin dituzte, berriro ere, estralurtarren ustezko ontzi bat zela zioten teoriak.
Lau gaztetik batek frankismoari buruzko pertzepzio positiboa du
Egonkortasun ekonomikoa eta gizarte-ongizatea ekarri zituela iritzi diote, azken Deustobarometro Sozialaren arabera. Etxebizitza eskuratzea da euskal gizartearen arazo Nagusia.
Guardia Zibilak erietxera eraman ditu Beloradotik joandakoekin Urduñan bizi ziren mojetako bost, osasun-baldintza kaxkarretan zeudelakoan
Ostegun honetan Santa Klarako monastegitik 87 eta 101 urte arteko bost moja atera dituzte eta Basurtuko erietxera eraman dituzte azterketa egitera, epailearen aginduz. Guardia Zibilak jakitera eman duenez, emakumeak osasun-baldintza txarretan bizi zirela egiaztatu ahala izan dute. Adierazpen horiek gezurtatzeko helburuz, etxeko mojetako batek sareetan zabaldu ditu eraikin barruko irudiak.
Fiskalak erretiratu egin ditu Zestoako akusatu nagusiaren aurkako akusazio guztiak, eta gainerako bostentzat isuna eskatu du
Salatzailearen bikotekide ohiaren deklarazioa entzun ostean, fiskalak frogatutzat jo du gizonarekiko beldur gaindiezina izan zuela eta zigor eskaerak aldatu ditu. Absoluzioa eskatu du akusatu nagusiarentzat eta gainerakoentzat, berriz, espetxe zigorra beharrean isunak eskatu ditu hertsatze delituagatik.
Moto gidari bat zauritu da Donostian, GI-20an hainbat ibilgailuren artean izandako istripuan
08:00ak aurretik izan da ezbeharra eta errepidea itxita gelditu da momentuan, auto ilara luzeak eraginez. Geroxeago zabaldu ahal izan dute erreietako bat.
Gabonak, inoiz baino garestiago: trikimailuak eta alternatibak, gure menua merkatzeko
Arkumea, bisigua, turroia, ostrak, anana... Gabonetan pairatzen dugun prezioen gorakadaren ondorioz, produktu batzuk gure mahain izatea ia ezinezkoa izaten da. Baina ez etsi, alternatiba goxoak egon badaude gure Gabonetako menua hain garestia ez izateko.
Elkartasun uholde bati esker, EITB Maratoiak 361.665 euro batu ditu zahartze osasuntsuaren aldeko ikerketarako
Beste urte batez, ehunka pertsonak eta erakundek euren onena eman dute zahartze osasungarria ikertzeko dirua biltzeko. Guztira, egun osoan zehar, EITB Maratoiak 361.665 euro batzea lortu du, eta kopuru horrek hazten jarraituko du datozen egunetako dohaintzei esker.