Ezbeharra
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eskiatzaile bilbotar bat hil da Frantzian, elur-jausi bategatik

Hildakoak 36 urte zituen, eta pistetatik kanpo ari zen eskiatzen beste hiru lagunekin batera.
Elur-jausia
Elur-jausia

Bilbokoa zen eskiatzaile bat hil zen atzo Val d'Isère-ko eski-estazioan (Frantziako Alpeak), elur-jausi baten azpian harrapatuta geratu ostean.

Courchevel-eko goi-mendi taldeko jendarme batek atzo azaldu zuenez, gertaera asteartea arratsaldean jazo zen, hildakoa, beste hiru lagunekin batera, pistetatik kanpo eskiatzen ari zela.

Duela gutxi elurra eroritako gune batean zebiltzan lau eskiatzaileak, eta haien pisuak elur-jausia eragin zuen. Elurbiziak haietako bat azpian harrapatu zuela zehaztu zuen jendarmeak.

Estazioko erreskate taldea ezbeharraren lekura bertaratu zen, eta biktima elur-azpitik atera zuen. Bihotza geldituta zeukan, eta hura bizkortzeko ahaleginak antzuak izan ziren.

Jendarmeriako bozeramaile batek esan zuenez, ikerketa bat ireki dute jazoeraren nondik norakoak argitzeko asmoz.

Haren esanetan, egun eguzkitsua izan atzo estazioan, eta horrek are ezegonkorrago bihurtu zuen elur-geruza, eta pistetatik kanpo eskiatzeak beti dakartzala arriskuak berekin.

Azpimarratu zuenez, aipatutakoa ez zen izan eguneko istripu bakarra; izan ere, 30 urteko txekiar bat ere hil egin zen pistetatik kanpo eskiatzen ari zela Sybelles-eko instalazioetatik gertu.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Bi pertsona ospitalera eraman dituzte Azpeitiako etxebizitza batean izandako sute baten ondorioz

Sutea izan da gaur eguerdian Azpeitian, Erdikaleko 27. zenbakiko etxebizitza batean. Sua 15:00ak pasatxo piztu da, eraikineko bigarren solairuan, eta ondorioz, inguruko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte. Hirugarren solairuan zeuden bizilagunek ezin izan dute euren kabuz irten, eta suhiltzaileek lagunduta atera dituzte kalera. Suhiltzaileak lanean ari dira sugarrak amatatzeko. Bi pertsona Zumarragako ospitalera eraman dituzte, sutean kea arnasteagatik.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X