Nor da nor Noos auzian: 17 auzipetuak
Hamazazpi pertsona eseri dira Noos auziako epaiketaren akusatuen aulkian. Hauek dira, hain zuzen ere:
CRISTINA BORBOIKOA.- Felipe VI.a Espainiako erregearen arrebari 2007-2008 urteetan Ogasun Publikoari iruzur egitea eta bi delitu fiskaletan ezinbesteko laguntzaile izatea egotzi dio epaileak. Herri akusazioak, Manos Limpiasek, bakarrik eskatu du zigorra infantarentzat: zortzi urteko kartzela-zigorra eta bi milioi euroko isuna.
IÑAKI URDANGARIN.- Cristina infantaren senar eta Palmako duke ezkontideari zortzi delitu egotzi dizkiote: influentzia-trafikoa, bidegabeko eralgitzea, prebarikazioa, iruzurra, maula, faltsutzea, Ogasunaren kontra aritzea eta kapitalak zuritzea. Ustez Noos institutua eta haren inguruan sortutako enpresak erabili zituen Balear Uharteetako, Valentziako eta Madrilgo erakunde publikoen funtsak arpilatzeko. Fiskaltzak 19,5 urteko kartzela-zigorra eskatu du berarentzat; Manos Limpiasek, 26,5 urtekoa.
DIEGO TORRES.- Noos Institutuan Urdangarinen bazkidea izandakoa. Prebarikazioa, iruzurra, influentzia-trafikoa, bidegabeko eralgitzea, Ogasunaren kontrako aritzea, faltsutzea, maula eta zuritzea egotzi diote. 16,5 (Fiskaltza) eta 22,5 (Manos Limpias) urte arteko kartzela-zigorra eskatu dute Torresentzat.
JAUME MATAS.- Balear Uharteetako presidente eta PPko burua eta Ingurumen ministro ohiari lau delitu leporatu dizkiote: prebarikazioa, bidegabe eralgitzea, influentzia-trafikoa eta iruzurra. Noos institutua Legearen aurka kontratatu izana egotzi diote. Matas preso dago gaur egun Palma Arena auziarengatik. 11 urteko espetxe-zigorra eskatu dute berarentzat.
ANA MARIA TEJEIRO.- Diego Torresen emazte eta Noos Institutuko pertsonal burua. Senarrari egotzitako delitu berak leporatu dizkio Manos Limpiasek eta 19 urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du. Fiskaltzak dezente murriztu du eskaera, kapital zuritzea baino ez baitio egotzi (bi urteko zigorra).
MARCO ANTONIO TEJEIRO.- Torresen koinatua eta Noos Institutuko kontularia. Bidegabeko eralgitzeagatik, faltsutzeagatik, maulagatik, influentzia-trafikoagatik, kapital zuritzeagatik eta prebarikazioagatik epaituko dute. Fiskaltzak bi urteko espetxe-zigorra galdegin du berarentzat, gertakariak aitortu zituela argudiatuta. Manos Limpiasek 11 urteko eskaera egin du.
SALVADOR TRINXET.- Noos eta haren inguruan sortutako enpresak sortzeko Urdangarinek eta Torresek izan zuten aholkulari fiskala. Ogasunari enpreson irabaziak zelan ezkutatu esan omen zien biei. Manos Limpiasek bakarrik eskatu du haren kontrako zigorra: 3 urte, kapitalak zuritzeagatik.
JOSE LUIS "PEPOTE" BALLESTER.- Balear Uharteetako Kirol zuzendari nagusi ohia eta Palmako dukeen laguna. Ikerketan lagundu duenez, zigor-eskaera murriztu diote, eta bi urteko zigorra galdegin dute, bidegabeko eralgitzea, prebarikazioa, faltsutzea eta iruzurra egotzita.
GONZALO BERNAL.- Illesport Fundazioko zuzendaria. Noos Institutua modu irregularrean kontratatu zuela uste dute akusazioek, eta prebarikazioa, faltsutzea, iruzurra eta influentzia-trafikoa egotzi dizkiote. Zortzi eta 11 urte arteko kartzela-zigorra ezar diezaiokete.
JUAN CARLOS ALIA.- Ibatur Balear Uharteetako Turismo Institutuaren zuzendari izandakoa. Prebarikazioa, bidegabe eralgitzea, iruzurra, maula eta influentzia-trafikoa delituak egotzi dizkiote Noos institutuari turismoaren eta kirolaren inguruko bi jardunaldi antolatzeko eskatzeagatik. Lau eta 11 urte bitarteko zigor-eskaera dago haren kontra.
MIGUEL ANGEL BONET.- Ibaturreko idazkari ohia. Aliari egotzitako delitu berak leporatu dizkiote. Fiskaltzak 5,5 urte eskatu du berarentzat, eta Manos Limpiasek, 13.
LUIS LOBON.- Valentziako Turismo idazkaria. Honako delituak egotzi dizkiote: prebarikazioa, faltsutzea, bidegabeko eralgitzea eta influentzia-trafikoa. Noos Institutua kontratatu zuen Valencia Summit jardunaldiak antolatzeko eta Europako Joku Olinpikoak Valentziaren hautagaitza sustatzeko. Zortzi-hamaika urte arteko kartzela-zigorra eskatu dute Lobonentzat.
JOSE MANUEL AGUILAR.- Valentziako Arteen eta Zientziaren Hiriaren zuzendari ohia. Luis Loboni egotzitako delitu berak egotzi dizkiote. Manos Limpiasek 11 urteko eskaera egin du eta Fiskaltzak, 6koa.
JORGE VELA.- Valentziako Finantza Institutuaren zuzenari ohia. Lau delitu egotzi dizkiote eta Aguilarrentzat eskatutako zigor bera eskatu dute harentzat.
ELISA MALDONADO.- Valentziako Arteen eta Zientziaren Hiriaren arduradun juridikoa. Honi ere lau delitu leporatu dizkiote eta 8-11 urte arteko kartzela-zigorra ezar diezaiokete.
MERCEDES COGHEN.- Madril 2016 hautagaitzaren kontseilari delegatua izandakoa. Noos Institutuaren ondorengoa izan zen Gizarte Integraziorako, Kulturarako eta Kiroletarako Fundazioari 114.000 euro emategatik bidegabeko eralgitzea, faltsutzea, prebarikazioa, iruzurra eta influentzia-trafikoa egotzi dizkiote. Fiskaltzak 6,5 urteko kartzela-zigorra eskatu du, Manos Limpiasek, 9.
ALFONSO GRAU. Valentziako alkateorde ohia. Besteak beste, dirua bidegabe erabiltzea egotzi diote. 11 urteko espetxe zigorra eskatu dute horrentzat.
Zure interesekoa izan daiteke
Gizon batek emaztea hil eta ama larri zauritu du Sarrigurenen
Hilketa matxista ostiral arratsaldean jazo da, bikotearen etxean. Eguesibarko Udalak Bozeramaileen Batzordea deitu du 10:00etarako, hilketa salatzeko.
Bost pertsona zauritu dira Cascanten izandako istripu batean
Lau ibilgailuk talka egin dute, eta bost pertsona ospitalera eraman dituzte.
Bilbo eta Gasteiz arteko autobusek deskontuak izango dituzte aurrerantzean
Bizkaiko Foru Aldundiaren administrazio akatsa zuzenduta, erabilera anitzeko bonuek gutxienez % 40ko deskontuak izango dituzte.
Gaizki aparkatzeagatik jarritako isunak egiazkoak direla ziurtatu du Hendaiako Herriko Etxeak
Bidasoa eskualdeko hainbat bizilaguni isunak kobratzeko posta bidez bidalitako gutunak iruzurra zirela zabaldu zuen ostegunean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.
11 urteko zigorra ezarri diote gizon bati Bizkaian, bikotekide ohiaren etxera baimen gabe sartu eta hura bortxatzeagatik
Bikotekideak izan ziren sei urtez, nahiz eta ez ziren elkarrekin bizi. 2021eko azaroan neskak amaitutzat eman zuen harremana. Gizonak, ordea, kontaktuan jarraitzeko eskatu zion, eta 2021eko azaroaren 22ko goizean emakumearen etxera sartu zen, haren baimenik gabe, eta bortxatu egin zuen.
Baskoniak ehunka zaleren babesa jasoko du Valentzian
Baskoniaren mila jarraitzaile inguru joan dira Valentziara 2026ko Errege Kopa dela eta. Eguraldia lagun, giroa ezin hobea da Baskoniako zaleen bilgunea den "Araba Etxean".
65 urtetik gorako pertsonen artean alkohol eta psikofarmakoen kontsumo handiaz ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak egindako txosten batek agerian jarri duenez, EAEko gizonen ia % 40k egunero kontsumitzen dute alkohola, eta emakumeen artean gora egin du lo-eragileen eta lasaigarrien erabilerak.
8 urteko kartzela-zigorra Legorretan kontrako norabidean zihoala hiru pertsonaren heriotza eragin zuen gidariarentzat
Akusazioek eta defentsak akordioa adostu dute, eta akusatuak erruduna dela onartu du. Hori dela eta, ez da beharrezkoa epaiketarekin jarraitzea. Ostiral honetan Gipuzkoako Auzitegian egindako saioan, auzipetuak barkamena eskatu die biktimen sendiei, malko artean.
Bost pertsona atxilotu dituzte Iruñean, emakume etorkinak prostituitzera behartzeagatik
Emakumeak haien jatorrizko herrialdeetan erakartzen zituzten, “lan-kontratu erakargarriak” eskainiz; Nafarroara iritsitakoan, baina, mehatxatu egiten zieten eta prostituitzera behartzen zituzten.
Gizon batek 10 urteko semea hil du eta emaztea larri zauritu du bart Tenerifen
Guardia Zibilak tiroz hil du ustezko hiltzailea, agenteei matxete batekin mehatxatu ostean.