Boto-emaileen % 73,13k babestu dute Basauri berroneratzeko plana
Basauriko San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe berroneratzeko planaren alde bozkatu dute boto-emaileen % 73,13k, igande honetan izandako herri-galdeketaren emaitzen arabera.
Horrela, Basauriko Udalak proposatutako hirigintza-plana babestu dute galdeketan parte hartu duten boto-emaileen ia hiru laurdenak. Horien % 26,80k, ordea, proiektuaren aurka bozkatu dute. Basauriko Udalak ezarritakoaren arabera, parte hartze hori gutxienez % 20koa izan behar zen, galdeketak balioa izan zezan. Hortik behera kokatu da, ordea: % 18,07koa izan da.

Herri-galdeketaren behin betiko emaitzak. Iturria: Basauriko Udala
09:00etan abiatu dute eguna: 16 hautetsontzi jarri dituzte, eta 20:00ak arte egon dira zabalik. 14:00etan, % 10,36koa zen parte-hartzea. 18:00etarako, aldiz, 4.948 lagunek eman dute botoa, erroldaren % 14,78k. Bozka emateko hautetsontziak itxi dituztenean, 6.000 pertsonak eman dute botoa, bozka eman ahal zutenen % 18,07k. Guztira 33.400 herritar zeuden deituta bozka ematera, erroldatuta dauden 18 urtetik gorako herritarrak hain zuzen, eta 6.051 pertsonak eman dute botoa.
Honako galdera honi erantzun behar izan diote: "Ados zaude San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe berroneratzeko proiektua aurrera eramatearekin?".
Proiektuan 25,4 milioi euroko inbertsioa dago aurreikusita, eta, besteak beste, honako hauek sortzea da asmoa: 15.000 metro karratuko parkea eta zonalde berdea, geltoki berria, aparkalekuak eta etxebizitzak.
Herriaren erdigunean erabiltzen ez den eremu horri erabilera emateko eskaera historikoari erantzuteko antolatutako ekimena da. Etxebizitza eremuak modernizatzeaz gain, auzoen arteko irisgarritasuna eta lotura hobetzea da helburua. Azken bost urteotan, herritarrek iritziak eman eta ekarpenak egin dizkiote proiektuari.
Kontsulta 2016ko irailean ospatu behar zuten, baina epaitegi batek geldiarazi zuen, Estatuko Abokatutzak aurka egin ondoren. Basauriko Udalak irtenbide bat eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta honek azkenean baimena eman zion.
Iritzi eta ekarpen horietako asko egitasmoan barneratu dituzte, behin betiko txostena egin arte.
Nork bozkatu ahal izan du?
Basaurin erroldatutako 18 urtetik gorako herritar guztiek bozkatu ahal izan dute, estatu espainiarrekoak zein Europar Batasuneko beste edozein herrialdetakoak.
Noiz egin da herri-galdeketa?
2017ko abenduaren 17an (igandea).
Zein izan da galdera?
"Ados zaude San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe berroneratzeko proiektua aurrera eramatearekin?".
Non eta nola bozkatu ahal izan da?
09:00etatik 20:00etara. Behar den moduan seinaleztatutako hautetsontziak ipini dituzte ohiko hauteslekuetan. Herri-galdeketa egin baino egun batzuk lehenago, etxeetara bidali dituzte bozkatzeko txartelak. Hauteslekuetan ere egon dira eskuragarri.
Zer egiteko asmoa dago?
1- Pozokoetxeko trenbide-hondartza hiri-bilbean txertatzea, auzo horretan gutxi gorabehera 15.000 m2-ko parke bat eta berdegune bat sortu eta hiru eraikin berri eraikitzeko.
2- San Fausto kalean zenbait eraikin egitea eta Florian Tolosa eta Juan Ibargutxi kaleetan pasaguneak sortzea.
3- Guztira, 277 etxebizitza berri sortuko dira (libreak, finkatutako salneurrikoak eta dotazionalak), batez beste 6 solairuko altuera duten eraikinetan; horrela eraikuntza handiak saihestuko dira (eraikin altuena 8 solairukoa da).
4- San Faustoko esparru librea handitzea, 2.000 m2 gehiago horretarako zuzenduz, eta oraingo plazarako irisgarritasuna hobetzea, inguruko kaleetan (Nagusia eta Autonomia) jarraipena edukiko duen plaza lautu bat eratuz.
5- Bidebietan tren-geltoki berri bat eraikitzea. Erabat irisgarri eta funtzionala izango den geltoki horrek sarbide bat edukiko luke San Fausto plazan, Florian Tolosa kalearen parean, hain zuzen.
6- Irisgarritasuna hobetzea, San Faustotik Pozokoetxerantz, oinezkoentzako arrapalen bitartez.
7- Aguirre Lehendakaria kalea oinezkoentzat egitea Pozokoetxeko tartearen eta oraingo geltokiaren aurreko plazaren artean (oraindik berresteko dago, obren garaian egingo diren trafikoari buruzko proben arabera erabakiko da).
8- Aparkaleku-eskaintza handitzea bizileku-eraikin berrietan eta lur azpiko aparkaleku berriak eraikitzea, aparkatzeko 150 leku edukiko dituztenak (eskaeraren arabera, aparkaleku-solairu bat gehiago egiteko aukera dago). Lur gaineko aparkalekuei dagokienez, gaur egun trenbide-hondartzan dauden aparkalekuak Pozokoetxen zehar antolatuko dira banaketa berri batean.
9- Kaltetutakoei beste etxebizitza bat ematea: Beste etxebizitza batera joan behar duten pertsonek daukatena baino etxebizitza hobea jasoko dute. Lege barruan, ahalik eta baldintza ekonomiko onenak eskaintzen saiatuz ekingo zaie kalte-ordainketei. Izan ere, San Miguel, Sarratu eta Basozelain egin zen prozesuaren antzekoa garatuko da hemen.
10- Finantziazioa. Autofinantzagarria da: Jarduketak burutzean egin beharreko kontratazioek eta gastuek bermatuta eduki beharko dute finantziazioa.
Zure interesekoa izan daiteke
CCOO sindikatuak ez du lekukorik eramango aurtengo Korrikan
Euskadi Irratiko "Faktoria" irratsaioan egindako elkarrizketan Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak adierazi duenez, Errenteriako Lan Deialdi Publikoan gertatu dena "mugarria" izan da Korrikako antolatzaileen ustez. Hortaz, sindikatuko kideekin egindako bileran, azaldu zieten ez zutela bateragarri ikusten haien jardunbidea eta 24. Korrikan parte hartzea.
'Aita Mari' Italiako Vibo Valentiako portura iritsi da, erreskatatutako 32 migratzailerekin
Aita Mari ontzia astearte honetan iritsi da Italiako Vibo Valentiako portura, erreskatatutako 32 migratzailerekin. Mediterraneo erdialdeko uretan topatu zuten ontzia igandean, jendez gainezka, "oso baldintza eskasetan". Erreskatatutako lagunen artean bederatzi adingabe eta haurdun dagoen emakume bat daude.
Zabalik dago AP-8 autobidea, Iurreta parean, istripu baten ondorioz itxita egon ondotik
Kamioi bat irauli da gaur goizean AP-8an, Iurreta parean eta Donostiarako noranzkoan. Istripuaren ondorioz, bi errei itxi dituzte.
Baionan desagertutako 50 urte inguruko gizon baten bila ari dira
Larunbatean ikusi zuten azkenengoz, Lapurdiko hiriburuan, goizaldeko ordu bata pasata.
Espainiako Poliziaren buru ohiaren sexu erasoak berretsi ditu epailearen aurrean salaketa jarri zuen inspektoreak
Epaileak atzera bota du Poliziako buru ohia emakumearekin ez komunikatzeko salaketa-jartzaileak egindako eskaria, "arriskurik ez" dagoela iritzita.
Espainiako Estatuko herritarren % 79k uste dute "posible" dela etorkizunean gerra batean arma nuklearrak erabiltzea
CISen inkesta baten arabera, herritarrak gehien kezkatzen dituen beste beldur batzuk dira gertuko senide bat galtzea, osasuna galtzea, itsu geratzea eta minbizia hartzea.
Gorpu bat aurkitu dute itsasoan, Ondarroa eta Lekeitio artean
Gorpua ezin izan dute identifikatu, baina baliteke asteartean Mendexan desagertutako 82 urteko arrantzalea izatea.
Tasa turistikoa 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko da Euskadin
Gipuzkoako Foru Aldundiak turismoari lotutako zerga berria arautzen duen Foru Arauaren proiektua onartu du. Zergaren oinarria gau kopuruaren arabera kalkulatuko da.
76 urteko gizon bat eta 38 urteko emakume bat atxilotu dituzte, Bilbon, emakume bati sexu-erasoa egiteagatik
Biktima atxilotuekin batera Santutxuko Karmelo kaleko etxebizitza batera igo omen zen.
Dozenaka lagunek justizia eskatu dute Parisen hildako gazte tolosarrarentzat
"Justizia Dalianentzat" lelopean, Parisen hil zuten Tolosako bizilagunaren senide eta lagunek elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean. Martxoaren hasieran aurkitu zuten haren gorpua, Frantziako hiriburuko etxebizitza batean.