SEXU-ABUSUAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Delituek ez preskribatzeko aldaketak eskatu dituzte Salestarren ikastetxeko biktimek

Sexu-abusuen gaia agenda politikoaren erdigunean jar dezatela eskatu diete politikariei hiru salestarren kontra salaketak jarri dituzten ikasle ohiek.
Deustun egindako elkarretaratzea.
Sexu-abusuen biktimei babesa adierazteko, Deustun egindako elkarretaratzea. Argazkia: EiTB.

Bilboko Salestarren Ikastetxeko hiru irakasleren aurka salaketak jarri dituzten ikasleek sexu-abusuekin lotutako delituek ez preskribatzeko eskatu dute gaur, berriro. Gaia "alderdikeriaz" ez erabiltzeko esan diete politikariei, eta legea aldatzeko ekimenak eskatu dituzte, delituak preskribatuta eta argitu gabe gera ez daitezen.

Agiria kaleratu dute biktimek, Vatikanoak pederastiaren aurkako goi-bilera egin eta biharamunean. Beraiek jarritako salaketek epaitegietan izan dezaketen ibilbidea "mugatua" dela jakin badakitela esan dute, baina preskribatzeak ez duela erasotzaileak errugabeak direla adierazi nahi gogoratu dute. Bilboko Instrukzio Auzitegiak artxibatu egin zituen, joan den astean, Deustu auzoko Salestarren ikastetxeko irakasle ohi baten aurka jarri dituzten ia 30 salaketetatik zortzi preskribatu egin direlako.

Salatzaileen arabera, sexu-abusuak pairatu dituzten haurrak adinez nagusi izatera heldu eta delituak salatzeko erabakia hartzen dutenerako, "denbora gehiegi" igarotzen da, eta horrek asko zailtzen du egia argitara ateratzea.

Halere, ohartarazi dute salaketen bidez gaia gizarteratzea eta botere publikoari "basakeria hauen dimentsioa" helaraztea direla helburuak.

Hori dela eta, gaur kaleratutako oharrean dei egin diete sexu-abusuak jasan dituzten gazte guztiei salaketa jartzera. Eraginkorra ez dela uste badute ere, zenbat eta salaketa gehiago jarri, ziur daude presioa handiagoa izango dela. "Jakin badakigu kaltetu gehiago badirela, gure ikaskide izandakoak. Salaketa jartzera animatu nahi ditugu, eta gure babes osoa izango dutela esan nahi diegu", gehitu dute idatzian.

Zauriak sendatzeko eta ixteko modu bakarra egia osoa jakitea dela adierazi dute. Horregatik, Elizari, eta, bereziki, salestarrei, "gardentasuna, umiltasuna eta zintzotasuna" eskatu dizkiete, eragindako mina aitortzerako orduan. Erasotzaileak ez babesteko ere eskatu dute.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X