Nafarroa Oinez 2019
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Argia Ikastolak Erriberan egindako normalizazio lana azpimarratu du, 'ez oztopo gabe'

Nafarroa Oinez antolatzeko orduan zentroko irakasleek, familiek eta hurbilekoek egindako lana eskertu du Maru Eriz Tuterako Argia Ikastolako presidenteak.
Nafarroa Oinez 2019, Tuterako Argia Ikastolak antolatua. Argazkia: Jon Artano
Nafarroa Oinez 2019, Tuterako Argia Ikastolak antolatua. Argazkia: Jon Artano

Nafarroa Oinez antolatzeko orduan zentroko irakasleek, familiek eta hurbilekoek egindako lana eskertu du Maru Eriz Tuterako Argia Ikastolako presidenteak ekitaldiaren inaugurazioan. Erriberan euskara normalizatzeko urteetan egindako lana azpimarratu du Erizek, "ez oztoporik gabe". "Etorkizunari begira" ikastolaren hezkuntza eredua erronka dela erantsi du.

Nafarroa Oinezi hasiera emateko ekitaldia zuzendu du Erizek. Era berean, Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen presidenteak eta Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordeak parte hartu dute. Tuterako ikastolak antolatzen duen laugarren jaialdia da.

Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriaren kanpoaldean eman diote hasiera Nafarroa Oinezi. Euskal Herriko ordezkari politikoak bertan izan dira, besteak beste, Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria; Unai Hualde Foru Parlamentuko presidentea eta Aitor Esteban EAJko diputatua.

Bestalde, "ikasleek pertsonenganako errespetua bezalako aditzak ikasteko, gizarte hobeago bat" osatzeko helburua aldarrikatu du Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen presidenteak. "Auzolana beharrizan partekatua eginez, pertsonak, lurraldea eta hizkuntzak maitatzen laguntzeko" asmoa azaldu du Zabaletak.

"Epai judizial ulertezinen gainetik nafarren hizkuntza eskubideak defendatzen jarraituko dugu, baita Erriberan ere, hizkuntzek toki nagusia dutelako erkidegoen ondarean", adierazi du.

Zabaleta: "Epai judizial ulertezinen gainetik nafarren hizkuntza eskubideak defendatzen jarraituko dugu"

Gainera, "hizkuntzen tresna izaera" eta "gizakiaren komunikatzeko baliabide nagusia" dira; ondorioz, "bizitza sozialaren oinarrizko euskarria, komunikazio kolektiborako tresna eta gizarteko kideen arteko elkarbizitza eta adostasun faktore" bihurtzen dira, gaineratu duenez.

Hizkuntza aniztasuna "kohesio eta bizikidetzarako argudio" bezala erabili du Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordeak. Foru Exekutiboa osatzeko "ezberdinen arteko akordioa" horren eredu dela defendatu du.

Azken bost urteetan Nafarroan euskararen egoera "askorik" ez dela aldatu adierazi du Aierdik, baina "gorabeherak" izan direla zehaztu du.

"Hizkuntza bizikidetza normalizatzeko Gobernuak eta gizarteak berak emandako pausoak ez dira gutxi izan, baina gehiegitan euskara eztabaidagai bihurtu da", deitoratu du presidenteordeak.

"Guztien hizkuntza eskubideak defendatu eta babesteko" deia egin du Aitor Esteban Kongresurako EAJren Bizkaiko zerrendaburuak.

"Gure hizkuntza Nafarroa Oinez jaialdian sostengatzen da, baina baita pertsonak ikasteko eta erabiltzeko eskubidean ere", nabarmendu du agiri batean.

Nafarroako Auzitegi Nagusiaren azken epaiarekin kezkaturik agertu da jeltzalea. Zentzu horretan, erabaki judiziala "egokitzea eta zuzentzea" espero du Estebanek, "pertsona guztien hizkuntza eskubideak babestuak izateko".

Hasiera eman ondoren, jaiak ez du etenik izango igande honetan. 30.000 bat lagun hurbiltzea espero du Foruzaingoak.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Bi pertsona ospitalera eraman dituzte Azpeitiako etxebizitza batean izandako sute baten ondorioz

Sutea izan da gaur eguerdian Azpeitian, Erdikaleko 27. zenbakiko etxebizitza batean. Sua 15:00ak pasatxo piztu da, eraikineko bigarren solairuan, eta ondorioz, inguruko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte. Hirugarren solairuan zeuden bizilagunek ezin izan dute euren kabuz irten, eta suhiltzaileek lagunduta atera dituzte kalera. Suhiltzaileak lanean ari dira sugarrak amatatzeko. Bi pertsona Zumarragako ospitalera eraman dituzte, sutean kea arnasteagatik.

Ekain Perrino, elkarrizketa EiTBn
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ekain Perrino: "Gorroto-delitua dela onartu da, baina 2 urteko espetxe zigorra ez da ezer"

Justiziak Ekain Perrinok 2021ean Basaurin jasandako eraso homofoboaren egile gehienak zigortu ditu. Hamaika egileetatik hamarrek bi urteko espetxe zigorra jaso dute, osotasun moralaren aurkako delituagatik; hamaikagarrenari, berriz, 14 hilabeteko kartzela zigorra eta zortzi hilabeteko isuna ezarri diote. Perrino pozik agertu da gorroto-delitua onartu duelako epaileak, 2 urteko espetxealdia ez dela nahikoa adierazi du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X