GIPUZKOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Aitaren baimenik gabe alaba Poloniara eraman duen emakume bat atxilotzeko agindu dute

Donostiako epaile batek eman du emakumea atxilotzeko euroagindua. 2014an joan zen Poloniara bere alaba hartuta, eta, ordutik, aitak ez du haurra ikusteko aukerarik izan.

2014an bere alaba, aitaren baimenik gabe, Poloniara eraman zuen emakume bat atxilotzeko euroagindua eman du Donostiako epaitegi batek. Gizonak bost urte daramatza alaba berreskuratzeko prozesu judizial korapilatsu baten murgilduta. Egun, alabak 8 urte ditu.

Aginduaren arabera, epaileak emakumeari haurraren bahiketa delitua eta agintarienganako etengabeko desobedientzia delitua egotz diezaizkioke; izan ere, epaitegiko iturrien arabera, neskatoaren amak hiru aldiz baztertu ditu alaba itzultzeko epaileak emandako aginduak.

Autoak jasotzen duenez, emakumeari lau urteko espetxe-zigorra ezar diezaioke epaileak, gertakarien "arduradun kriminala" dela erabakitzeko "ageriko arrazoiak" baitaude.

Duela bost urte joan zen emakumea Poloniara. Dibortzio prozesuan zegoen bikotea, eta, auzi horren harira, hitzordua zuten Donostiako epaitegi batean, 2014ko irailean.  Ordurako, aitak emakumearen kontrako "berehalako badaezpadako neurriak" hartzeko eskatu zuen, amak alabarekin ihes egingo zuen susmoa baitzuen; baina, epailearen iritziz, gizonaren eskaria ez zetorren bat "emakumearen jarrerarekin", eta atzera bota zuen.

Ondoren, 2014ko uztailean, aitak errekurtsoa aurkeztu zuen epailearen erabakiaren aurka, baina ordurako emakumea eta alaba Poloniara joanak ziren "gizonaren baimenik gabe". Epaileak hamabost egun eman zizkion emakumeari Gipuzkoara itzultzeko, baina ez zuen agindua bete.

Horren aurrean, aitak berriro "berehalako kautelazko neurriak" eskatu zituen emakumearen kontra, eta, orduan bai, epaileak onartu egin zuen eskaera. Alabaren zaintza ere aitaren esku utzi zuen, eta emakumeari alaba aitaren esku uzteko agindu zion.

Orain, bost urte geroago, eta prozesu judizial luze baten ondoren, emakumea atxilotzeko euroagindua eman du epaileak.  

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Bi pertsona ospitalera eraman dituzte Azpeitiako etxebizitza batean izandako sute baten ondorioz

Sutea izan da gaur eguerdian Azpeitian, Erdikaleko 27. zenbakiko etxebizitza batean. Sua 15:00ak pasatxo piztu da, eraikineko bigarren solairuan, eta ondorioz, inguruko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte. Hirugarren solairuan zeuden bizilagunek ezin izan dute euren kabuz irten, eta suhiltzaileek lagunduta atera dituzte kalera. Suhiltzaileak lanean ari dira sugarrak amatatzeko. Bi pertsona Zumarragako ospitalera eraman dituzte, sutean kea arnasteagatik.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X