Haizeak eragindako arazoak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Etxera itzuli dira Barakaldon aldamio bat erori ostean kaleratu zituzten bizilagunak

Etxetik kanpo jarraitzen duten bizilagunak hiriko hotel batera eraman dituzte. Vicente Alexandre kalea itxita dago oraindik, aldamioa kendu arte.
Hamabi solairuko eraikin batean jarritako aldamioa asteartean erori zen. Artxiboko argazkia: EFE

Dagoeneko etxean dira herenegun izandako haize indartsuaren ondorioz Barakaldon kaleratu zituzten bizilagun gehienak. Zehazki, Gurutzeta auzoko eraikin batean jarritako aldamio bat erori ondoren atera zituzten etxetik.

Barakaldoko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, aldamioa erori ostean kaleratu zituzten 64 familietatik 58 euren etxeetan igaro dute gaua; gehienak La Paz kaleko 32. eta 34. zenbakiko bizilagunak.

Anaitasuna kaleko 18. zenbakiko bost familia ere etxera itzuli dira, eroritako aldamioa ingurutik kentzeko lanetan aurrera egin ostean.

Halaber, Vicente Alexandre kaleko 10. zenbakiko bizilagun batzuek ere haien etxeetan itzultzeko aukera izan dute. Alabaina, 1, 2, 3, 4, 5 eta 6 C etxeetako bizilagunek etxetik kanpo igaro behar izan dute gaua.

Hala, etxetik kanpo jarraitzen duten bizilagunak hiriko hotel batera eraman dituzte, Amaia del Campo alkateak fatxada eraberritzeko ardura zuen enpresari eskaera egin ostean.

Testuinguru horretan, Vicente Alexandre kalea itxita dago oraindik eta, aldamioa guztiz kendu arte, hiriko autobus batzuen (1.linea) ibilbidea aldatu da, eta San Inazio eta Anaitasuna geltokiak bertan behera geratu dira.

Horien ordez, behin-behineko bi geraleku jarri dituzte: bata, La Paz kaleko 43. zenbakiaren ondoan dagoen Bizkaibuseko geralekuan, eta bestea, La Paz kalean, Anaitasuna kalearekiko bidegurutzearen ondoan.

Hamabi solairuko eraikin bateko fatxadan jarritako aldamioa asteartean erori zen, 16:15ean, haize-ufada bortitzen ondorioz. Atzo aldamioa kentzen aritu ziren, baina  oraindik ez dute erabat kendu eta gaur berriro ekingo diete lanei.

Albiste gehiago gizartea

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Elgoibarko alkatea: "Ezbeharraren unean 10 bat pertsona zeuden kiroldegian, horietako lau igerilekuetan, eta azkenean hiru artatu behar izan dituzte: langile bat eta bi erabiltzaile"

Hiru pertsona arnasteko arazo arinekin eraman dituzte gaur Mendaroko ospitalera, Elgoibarko (Gipuzkoa) Olaizaga kiroldegian gas toxikoa arnastu ondoren. Istripu kimikoa gertatu da instalazioen barruan. 14:30 aldera ezbehar baten ondorioz azido klorhidrikoa eta sodio hipokloritoa nahastu dira igerilekuetan.

Gehiago kargatu