Ikerketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Duela 7.000 urtetik daude esnekiak gure dietan, ikerketa baten arabera

Historiaurreko zeramiketan gordetako hondakinen analisi kimikoari esker, komunitate neolitikoen ontzi horien erabilera desberdinak aztertu ditu Aranzadik.
Komunitate Neolitikoek ontzi horietan egiten zuten erabilera desberdinak behatu dituzte
Komunitate Neolitikoek ontzi horietan egiten zuten erabilera desberdinak behatu dituzte. Aranzadi.

Ikerketa berri baten emaitzek erakutsi dute esnekien kontsumoa oso desberdina zela Europan, nekazarien lehen populazioen artean. Miriam Cubas ikertzaileak (Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Saileko kidea) zuzentzen duen nazioarteko ikerketa-talde batek populazio horiek erabilitako ontziek dituzten sukaldaritza-jardueren hondakinak berreskuratzea lortu du. Horrela, esnekiak gure dietan duela 7.000 urtetik daudela ondorioztatu du ikerketak.

Animalien koipe-hondarren, landareen argizarien, arrain-olioen eta historiaurreko zeramiketan gordetako erretxinen analisi kimikoari esker, Cubas doktorearen taldeak komunitate neolitikoen ontzi horien erabilera desberdinak aztertu ahal izan ditu, bereziki nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerekin lotutakoak.

Komunitate horien arteko zeramiken erabileran aldaera handia dagoela erakusten dute emaitzek. Identifikatutako baliabideen artean, Europako iparraldera, Frantziako eskualde atlantikora eta britainiar uharteetara zabaltzen diren esnekiak nabarmentzen dira.

Egileek ondorioztatu dute desberdintasun horiek abeltzaintzako jarduera desberdinekin lotuta egon daitezkeela, iparraldean behi-azienda gehiago dagoelako eta Europa hegoaldean, ordea, ardietan eta ahuntzetan oinarritutako abeltzaintza. Iberiar penintsulan, sukaldaritzako praktika horiek une horretan sartzen diren etxeko animalietatik (ardia eta ahuntza) datozen haragi-baliabideen garrantzia islatzen dute.

Historiaurrean zeramikaren erabilerari buruz argitaratu den eskualdeen arteko konparazio zabalenetako bat da. Orain arte, dokumentatutako zeramiketan ez da itsasoko elikagairik aurkitu, ezta kostaldeko aztarnategi arkeologikoetan ere, non elikagai-baliabide horiek argi eta garbi eskuragarri dauden. Salbuespen bat Baltikoko eremua da, esnekiak eta itsasoko elikagaiak zeramikan prestatzen baitziren.

"Gure ikerketak eskualde mailako konparazio zabala eskaintzen du historiaurrean zeramikak izan zuen erabilerari buruz. Emaitza horiek giza taldeek abeltzaintzak eta nekazaritzak ekarri zuen aldaketa-prozesu garrantzitsu horren bilakaeraren inguruko informazio gehiago eskaintzen dute", adierazi du Miriam Cubas artikuluaren egile nagusiak.

"Esnekien agerraldiaren maiztasuna garrantzitsua izan liteke Europan laktosarekiko tolerantziak helduen artean izan duen bilakaera ulertzeko. Gaur egun, helduei esnean dagoen laktosa digeritzeko aukera ematen dieten mutazio genetikoek presentzia handiagoa dute Europako ipar-mendebaldean hegoaldean baino", azaldu du Yorkeko Unibertsitateko Arkeologia Saileko Oliver Craig irakasleak.

"Datu hauek Europa mendebaldeko lehen nekazarien arteko sukaldaritza-tradizioen aberastasunerako leihoa eskaintzen digute, eta talde horiek klima- eta kultura-baldintzetara egokitzeko izan zuten gaitasuna", esan du André Colonese Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Historiaurre Departamentuko eta Ingurumen Teknologia eta Zientzien Institutuko ikertzaile eta artikuluaren egilekideak.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Elon Musk bat dator Anthropic eta OpenAI lehiakideekin, adimen artifiziala moteldu behar dela

Anthropiceko Dario Amodeik adimen artifizialaren (AA) garapena moteltzeko eskatu zuen ostiralean, segurtasun arriskuengatik, eta eskaera horren alde egin dute lehiakideek, OpenAIko Sam Altmanek eta xAIren sortzaile Muskek. OpenAIko eta Anthropiceko liderrek iragarri dute ebaluatzaile independenteei beren sistemak ikuskatzea ahalbidetuko dietela, baina Muskek ez du hori argitu.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Oihane Mateos Oria, duela gutxi hildako lankide eta laguna, gogoan izan du Dani Alvarezek Gasteizko FesTVal jaialdian

Aste gogorrak izan dira azken hauek Orain eta EITBko Albistegietako lantalde guztiarentzat. Dani Alvarez lankideak Gasteizko FesTVal jaialdian esan duen bezala, "bizitzako injustizia bategatik goizegi joan berri da Oihane Mateos Oria". Bere irribarrea, energia eta lanerako grina beti izango dira gure artean, ordea. Hemen Daniren hitzak gaur iluntzean, sari bat banatu aurretik.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X