Jazarpena, eskolan eta gelatik kanpo: sistema adin txikikoak babesteko gai ez denean
Arnastu, eskola jazarpenaren biktimei babesa eskaintzen dien elkartea, 2015eko urrian sortu zen. Ordutik, sostengua eta arreta eskaintzen diete bullyinga sufritzen duten adin txikikoei, gurasoei edota tutoreei. Gainetik, elkarteak kontzientziazio lana egiten du, "gizarte eragile guztiek eskola jazarpenaren kontrako jarrera izan dezaten", Goikoana Barcina Arnastuko idazkariak eta Amaia Diez elkarteko abokatuak EITB Mediari azaldu diotenez.
Lantaldea hainbat jakintza alorreko profesionalek osatzen dute, eta hezkuntzaren, pedagogiaren, zuzenbidearen eta osasunaren alorretan dihardute. Laguntza eske gerturatzen diren pertsonen profilarengatik galdetuta, Barcinak eta Diezek azaldu dute "oso etsituta" dauden familiak direla, "nola jokatu ez dakitenak" gehienetan. Izan ere, helduak "euren esku dagoen guztia egiten saiatu dira, baina sistemak ez die behar bezala erantzuten", gaineratu dute Arnastuko ordezkariek.
Indarkeria sufritzen dutenekin eta haien gertukoekin lan egiten duten arren, noizbait erasotzaileen familiak ere artatu izan dituztela azaldu dute elkarrizketatuek. Hala ere, egiten duten jardunaren % 80 biktimei bideratuta dago, eta elkarteko ordezkariek diotenez, "gehienetan sendiak urtebete darama arazoari ezin helduta".
Jazarpenak eragiten dituen sintomak
Kasu bakoitzaren neurrira egindako jarraipenari ekin aurretik, "entzute aktiboan eta enpatian" oinarritutako giroa sortzen dute Arnastun, adin txikikoak zein familiak "babestuta eta lagunduta" sentiarazteko. Gero, haurrak dituen arrisku adierazleetan jartzen dute fokua: amets txarrak dituen, eskolara joan nahi ez duela hitzez adierazi duen, somatizaziorik egon den —buruko mina, sabelekoa, antsietate krisiak, jateko arazoak, autolesioak…— edo umea biolentzia sufritzen ari dela iradoki dezakeen beste edozein arrasto dagoen.
Errezeloa ikastetxeen aldetik
Diagnostikoa eginda, Arnastuko profesionalek haurrak duen babes sarea aztertzen dute eta protokolo bat sortzen diote propio, umearen beharretan oinarrituta eta ikastetxea jakinaren gainean jarrita.
Elkartearentzat hezkuntza arloko eragileekin harreman naturala izatea ezinbestekoa den arren, "zentroetan presenteago egotea" gustatuko litzaieke. Izan ere, Barcinak eta Diezek azaldu dutenez, horietako asko "ez daude prest elkarlanean aritzeko eta kolaborazioa errefusatu egiten dute, ulertezinak zaizkigun arrazoiak tarteko". Elkartearen asmoa kooperatzea eta haurrarentzat babesleku konpartituak sortzea den aldetik, ez dute ulertzen sarritan hezkuntza formalaren eskutik jasotako erantzuna.
Sare sozialak, inpunitatea eta arduraz jokatu beharko luketen gurasoak
Arnasturen laguntza jasotzen duten biktimak zein erasotzaileak aro digitalaren seme-alabak direla kontuan hartuta, sare sozialek berebiziko garrantzia dute eskola jazarpenaren egungo mapan. Bada, Barcinak eta Diezek nabarmendu dute erasoak ikastetxeetan hasten direla, baina askotan sare sozialetara ere hedatzen direla. Hala, "biktima babesik gabe dago eta eguneko edozein ordutan indarkeria sufritzeko arriskua du. Horrek egoera erabat zailtzen du, baita arazoa esponentzialki larritu ere". Gainera, erasotzaileek "inpunitate sentsazioa dute, anonimotasun faltsuaz baliatzen direnetan batez ere", agertu dute elkarteko ordezkariek.
Sare sozialak zentzuz eta arduraz erabiltzeko, elkarrizketatuen ustez "ez du ezertarako balio haurrak kontzientziatu nahi izatea, lezio hori gizarte moduan egindako hausnarketa sakonago baten ondotik ez badoa". Hartara, helduen laguntza beharrezkoa dela azpimarratu dute: "12 urteko haur bati mugikor bat emanda ezin dugu pentsatu zuzen jokatuko duenik, helduok halako jarrerak ez ditugunean".
Helduok eta gizarteak, oro har, etorkizunera begira ditugun erronkei begira, ikasgeletan haurrek sufritzen duten indarkeriari aurrez aurre begiratzea da, Arnasturen esanetan, irtenbide bakarra. "Jazarpenak eragiten dituen ondorioei neurria hartzeko bidetik oso urrun gaude", azpimarratu dute Barcinak eta Diezek: "Elkarbizitza bera ere ikasketa prozesu bat da, eta haur askok ikasi dute makur eta menpeko agertzea dela bizirauteko modu bakarra, alegia, taldean estatus bat lortzeko egin beharrekoa".
Horrenbestez, Goikoana Barcinak eta Amaia Diezek berretsi dute bullyingaren arazoari ez zaiola oraindik behar bezala heldu, eta premiazkotzat jo dute honakoa gogoraraztea: "eskola jazarpenak oinarrizko eskubideak urratzen ditu, tratu txarrak dira eta ez dira haurren kontuak".
Zure interesekoa izan daiteke
Diru bilketa abiatu dute Aroztegia auzian zigortutako zazpi kideei jarritako isunei aurre egiteko
Zazpi ekintzaileek ez zuten kartzela zigorrik jaso, baina 62.000 euroko isuna ordaintzera kondenatu zituzten. Isunez gain, defentsa eta gainerako gastuak ordaintzeko bilketa egingo du orain Aroztegiko Elkartasun Komiteak.
Joko areto baten aurka protesta egiteagatik auzipetutako Sopelako lau gazteen aurkako epaiketa atzeratu dute, data jarri gabe
32 urteko kartzela zigorra eta 112.400 euroko isuna eskatu dute lau sopeloztarrentzat. Auzia birritan artxibatu dute, eta akusazio partikularra da pertsonatutako akusazio bakarra. Hain justu, auzipetuei elkartasuna adierazteko manifestazioa egin zuten atzo Sopelan.
Gizon batek bikotekidea hil du Pontevedran
Emakumearen gorpua ahizpak aurkitu du, bere etxebizitzako lurrean, eta gizona ihes egiten ikusi du. Guardia Zibila gizonaren bila ari da atxilotzeko.
Lau urteko haur bat oso larri Oionen, bigarren solairutik erorita
13:30 aldera gertatu da istripua, eta helikopteroz eraman dute Gurutzetako ospitalera.
Osasun Sailak zehaztu du iraungitako txerto hexabalenteak Iztietako (Errenteria) eta Ondarretako (Donostia) osasun-zentroetan jarri zituztela
Osakidetza hasi da kaltetutako 30 pertsonak (25 haurtxo eta 5 heldu) berriro txertatzen. Iraungitako txerto tetrabalentea edo hirukoitz birikoa jaso zutenek (75 bat lagun) asteon jasoko dute gertakin zuzena.
Matrikulazioa % 5 jaitsiko dela uste du Hezkuntza Sailak, baina ikasturtean zehar heldutako ikasleekin orekatu daitekeela erantsi du
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, matrikula kopuruak % 5 inguru egin du behera, datu demografikoak kontuan hartuta egindako estimazioen arabera. Dena dela, iragarri du beherakada "matrikulazio biziak" konpentsatuko duela; izan ere, irailetik 5.400 ikaslek eman dute izena EAEko hezkuntza sisteman.
Gidari bat ikertzen ari dira istripu batetik ihes egin eta alkoholemia proba egiteari uko egiteagatik
Ertzaintzak ikertu gisa inputatu du bart Trapagaranen beste ibilgailu baten kontra istripua izan eta ihes egiten saiatu zen gidari bat, bide-segurtasunaren aurkako ustezko delitu bat egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larunbatean, 21:00ak aldera, bi ibilgailuk talka egin zuten Bizkaiko udalerri horretan, eta gidarietako bat bertan artatu behar izan zuten. Beste gidaria, onik atera zena, ihes egiten saiatu zen, baina agenteek geldiarazi egin zuten. Gizonak uko egin zion alkoholemia proba egiteari.
Hiru pertsona artatu dituzte Usurbilen, sute batean kea arnasteagatik, eta beste bat Errenterian
Usurbile, hiru pertsonak tokian bertan artatu dituzte, baina Errenterian, Donostia Ospitalera eraman behar izan dute emakume bat. Barañaingo supermerkatu batean ere sutea izan da larunbat honetan baina ez da inor zauritu.
Manteroen kontrako "poliziaren esku-hartze bortitza" salatu dute dozenaka lagunek Bilbon
Mbolo Moye Doole eta Manteroekin bat! plataformek deituta, ostegunean Ertzaintza eta Udaltzaingoa manteroen aurka indarkeriaz aritu zirela salatu dute. Horien esanetan, "ez da gertaera isolatua izan", hilero jazotzen baitira halakoak.
Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu eta EHEko lau ekintzaileren aurkako epaiketa salatu dute dozenaka lagunek Baionan
Euria eta hotza egin badu ere, 200 euskaltzale batu dira protestara datorren ostegunean epaituko dituzten Euskal Herrian Euskarazeko lau kideei babesa emateko.