Donostiako Aste Nagusia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ehunka pertsona zezenketen aurka manifestatu dira Donostian

Zezenketen inguruko herri-galdeketaren aldeko kartelak eraman dituzte parte-hartzaileek, Donostiako erdigunetik egindako ibilbidean.
Zezenketen aurkako pankartak, Donostian ikusgai. Argazkia: EFE
Zezenketen aurkako pankartak, Donostian ikusgai. Argazkia: EFE

Donostiako Aste Nagusiaren zezen-azokaren hasieraren harira, zezenketen aurkako manifestazioa izan da larunbat arratsalde honetan Donostian, Zezenketen Aurkako Gipuzkoako Plataformak deituta.

Martxa 18:00ak pasata abiatu dute, Boulevardetik, "Gure Eskuetan" lelopean. Izan ere, zezenketen aurkako pankartak eraman dituzte, eta Donostian zezenketak egitearen inguruko herri-galdeketaren aldeko kartelak ere ikusi dira.

"Goia, entzun, zezenketen aurka dago Donostia", "Animalien tortura, zigor kodera" edo "Ez da kultura, tortura baizik" bezalako oihuak entzun dira ibilbidean zehar.

Juantxo Lopez de Uralde Unidas Podemoseko diputatua, Aitzole Arantea Elkarrekin Donostiako bozeramailea, Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotzia eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohia, besteak beste, izan dira manifestazioan.

EH Bildu eta Elkarrekin Donostia, Eguzki eta Pagma talde ekologistekin batera, besteak beste, Gipuzkoako zezenketen aurkako plataforma berriko kideak dira.  

Donostiako Aste Nagusian bueltan da zezen-azoka, hiru ikuskizunekin. Lehenengoa, larunbat arratsalde honetan bertan, Illunben, Morante de la Puebla, Alejandro Talavante eta Pablo Aguado toreatzaileekin.

Zure interesekoa izan daiteke

Pago basoa
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Gero eta baso gehiago dugu Euskal Herrian: larreek zuhaitzei leku utzi diete

Lur Geroak baso-kudeaketa planak egin ohi ditu Nafarroako udalentzat. Izan ere, bertan mendi eta baso gehienak publikoak dira; Nafarroako udalek dute basoen % 80 ingururen jabegoa. Nafarroako araudiaren arabera, baso-kudeaketa planak finantzatzeko eskuduntza Foru Gobernuak dauka, baina udalek plan horiek onartu behar izaten dituzte eta askok herritarren parte-hartzea eskatzen dute.  Aholkularitza enpresak, besteak beste, baso horiek modu sostenigarrian nola ustiatu proposatzen du; alegia, baso bakoitzetik zenbat egur atera daitekeen 10 edo 15 urtetan, basoak bolumenik galdu gabe. Horrez gainera, udalak behartuta daude mendian inbertitzera haien ustiapenetik (egurraren salmentatik edota lursailen alokairutik) jasotzen duten diruaren % 20. Inbertsio horiek nola egin ere aholkatzen du.  

Gehiago ikusi
Publizitatea
X