Baskoien hizkuntzan idatzitako testu zaharrena aurkitu dute, duela 2.100 urtekoa: "Sorioneku"
Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek baskoien hizkuntzan idatzitako duela 2.100 urteko brontzezko xafla bat aurkitu dute Irulegin, Burdin Aroko herrixka baten aztarnategian. Hala, testu hori gaur egungo euskararen aurrekaria den idazkirik zaharrena litzateke.
Hala jakinarazi dute ikerketaren arduradunek, Iruñetik gertu dagoen Arangurengo bailaran egindako azterketen emaitzak publiko eginda. Mattin Aiestaran Aranzadiko arkeologo eta Irulegiko aztarnategiko zuzendariak azpimarratu du aurkikuntza horrekin argi gelditu dela baskoiak alfabetatuta zeudela, "iberiar penintsulako garai hartako herri asko bezala".
Adituak dioenez, Aranzadiko filologoek hamarkadak zeramatzaten Burdin Aroko baskoiek idazketa sistemaren bat zutela pentsatzen, "baina susmoa besterik ez zen". Orain, aurkikuntza horrekin, hipotesi hori egiaztatzeko aurrerapauso sendoa eman dutela ondorioztatu du. "Iberiarren sistema grafikoa hartu, moldatu, eta euren hizkuntzan idazten zuten. Ez da gaur egungo euskara, baskoiera deitzen zaion hori baizik, euskararen aurrekaria, duela 2.100 urtekoa, hain zuzen".
Esku formako brontzezko xafla horretan bost hitz atzeman dituzte Javier Velaza Bartzelonako Unibertsitateko epigrafian adituak eta Joaquin Gorrochategui linguistak, eta horietatik bakarra deszifratu edo itzuli ahal izan dute: "Sorioneku (Zorioneko)".
Kontuak horrela, aztarnategiko zuzendariak uste du testu "oso berezi" baten aurrean daudela, pieza horrek Burdin Aro amaierako baskoi haien sinesmenei eta hizkuntzari buruzko informazioa ematen duelako. "Beraz, badira bi afera immaterial oso bereziak direnak arkeologiarako; egiazki, seriotasunez hitz egiteko aurkikuntza baten aurrean gaude".
Aranzadi 2007tik dabil Irulegiko inguru horietan lanean, historiako hainbat fase kronologiko topa daitezkeelako bertan. Hasieran, 10 urtez, tokiko gaztelua aztertzen ibili ziren, Erdi Arokoa, eta, 2018tik aurrera, Burdin Aroko herrixka-gotorleku batean ari dira indusketak egiten.
Brontzezko xafla 2021eko ekainaren 18an aurkitu zuten, ustekabean, eta momentuan ez zioten berebiziko garrantzirik eman, "ez genuelako deus idatzita ikusi, ez genuelako garbitu, Nafarroako Gobernuak halaxe jokatzeko eskatzen digulako, eta, horrela, biltegi arkeologikora bideratu genuen aurkikuntza, bertan azter zezaten", Aiestaranek dioenez.
Leire Malkorrak, arkitektoa ogibidez eta Aranzadiko boluntarioak, aurkitu zuen Irulegiko indusketa lanetan brontzezko xafla. Dioenez, artefaktua aurkitu zutenean, lurra eta sedimentuak kendu barik, Nafarroako Gobernuko Zaharberritze Arlora bideratu zuten bertan azter zezaten. Une horretan, ez zekien zer zuen eskuartean, baina, aurtengo urtarrilean horren berri izan zuenean, "inpresioa" hartu zuen, eta uste du oraindik "altxor" gehiago aurkitzeko aukera dagoela Irulegiko aztarnategian.
Laborategiko azterketak egin ondoren, 2022ko urtarrilaren 18an, zerbait idatzita zegoela atzeman zuten, eta, hori aztertzeko, Velaza eta Gorrochategui adituak gonbidatu zituzten, aurkikuntza aurrez aurre ikusi, aztertu eta interpretatzeko.
Pieza brontzezko xafla bat da, leuna, eta azazkalen forma du behatz batzuetan. 143,1 mm-ko altuera, 1,09 mm-ko lodiera eta 127,9 mm-ko zabalera ditu, eta, eskumuturretik hurbil dagoen muturraren erdian zulaketa bat du. Esku formako elementu hori etxe baten sarreran aurkitu zuten, ikatzez inguratuta, eta, inskripzioaren zati bat itzulita eta zuloa ikusita, ikerlariek uste dute objektu apotropaikoa izan zitekeela, eguzki loreen parekoa, etxeetako ate eta leihoetan jartzen ohi zena gaitz oro uxatzeko eta etxe barrukoak babesteko.
K.a. I. mendeko inskripzioa
Inskripzioak bost hitz ditu, lau lerrotan banatuta. Testua idazteko erabilitako sistema grafikoa sistema iberiarretik moldatutako beste sistema bat da: sistema baskonikoa, hain zuzen ere.
Lehen hitzaren ("Sorioneku") eta "zonioneko" euskal hitzaren (zorionekoa, zorte onekoa) arteko antza nabarmendu dute adituek, baina azpimarratu dute gainerako inskripzioak ezin izan dituztela deszifratu.
Ondorioz, Irulegiren aurkikuntzak berrikuntza esanguratsuak dakartza arkeologia- eta hizkuntza-munduan. Alde batetik, sistema grafiko espezifiko bat dagoela baieztatzen duelako, hau da signario baskonikoa; eta, bestetik, duela 2.100 urte aurkitu den eremu geografikoan baskoiera erabiltzen zela egiaztatzen duela, nabarmendu dute adituek.
Ikertzaileen arabera, Irulegiko Eskua orain arte baskoieraz ezagutzen den testu zaharrena eta luzeena da. Inguru honetan aurkitutako txanponen testigantzekin eta beste epigrafe batzuekin batera (Andelosko mosaikoa, Arangurengo brontzea eta Oliteko harriaren gaineko inskripzio bat), antzinako baskoiek idazkera nola erabiltzen zuten erakusten du.
Gainera, xafla horrek berezitasun bat dakar euskarriaren tipologiari eta morfologiari dagokionez, eta erabilitako idazkera teknikari dagokionez ere bai.
Testuinguru arkeologikoa
Brontze Aro berantiarretik (K. a. XV. eta XI. mendeen artean) K.a. I. mendearen hasierara arte iraun zuen herrixka bat zen Irulegikoa, erromatarrek horri su eman ondoren abandonatutakoa, Sertoriar Gerretako testuinguruan.
Inguruotako indusketak garrantzi berezia du, garai hartako irudi izoztua eskaintzen baitu. Izan ere, herrixka erre egin zuten eta hormak etxebizitzen gainera erori ziren, lurperatuz, baina baita babestuz ere, barruan zegoena. Horri esker, zeramika eta eguneroko objektuak kontserbazio-egoera onean aurkitu ahal izan dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Athleticek gaitzetsi egin ditu Jon Uriartek jasotako mehatxuak eta bere “babes osoa” adierazi dio
Erakundeak adierazi duenez, "errespetua irmo aldarrikatuz baino ez dugu gizarte eta Athletic hobea eraikiko".
Martxoaren 23an irekiko dute Osakidetzako EPErako izen-ematea
Probak ekainaren 19an, 20an eta 21ean egingo dira, eta horietan LEP eredu berri bat ekarriko du: test motako azterketak egingo dituzte eta nota hurrengo deialdietarako erreserbatuko da.
Euskal Herrian Euskarazek CCOO sindikatuaren mehatxua salatu eta mobilizatzeko deia egin du
Euskal Herrian Euskarazen agerraldia. Argazkia: EITB Media
Ramadanaren amaiera jendetsua Euskal Herrian
Ehunka musulman bildu dira Gasteizen eta Zumarragan islamaren hilabeterik sakratuenari agurra emateko. 2026ko otsailaren 17tik martxoaren 19ra arte, musulmanek abstinentzia egin dute egunez. Argia egon den orduetan, ez dute jan, ez dute edan (ezta urik ere), ez dute erre eta ez dute sexu-harremanik izan.
Athleticeko presidenteak jazarpena eta mehatxuak salatu ditu
Jon Uriartek Ertzaintzaren aurrean salatu duenez, futbolarekin lotutako gazte erradikalak bere etxeko atarian sartu dira eta mezu iraingarriak utzi dizkiote.
Luzaiden dantzan, Korrikaren lekukoa eskuan!
Arnegitik Luzaiderako bidean, Luzaideko Bolantak taldeak dantzan hartu du Korrikaren lekukoa. 126. kilometroan izan da, 04:00ak aldera. Azken urteotako tradizioari eutsiz, dantzan jarri dira lekukoa hartu dutenean.
Jendetza bildu du Korrikak Maulen
Lurraldeko eta hiriburuko hainbat elkarte eta herriko etxe ikusi ditugu parte-hartzen, hala nola, Sohütako pastorala, UEU, Palestinaren aldeko elkartea, Pitxu gaztetxea, Xiberoko Botza eta beste hainbat. Handik Nafarroa Beherea alderako bidea hartu du. Gaueko 22:00 pasata sartuko da lurralde hartan Aiherratik.
Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz
Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko. Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta. Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute.
Atharratzetik abiatu da 24. Korrika, festa giroan, pizkundearen akuilu izatea xede
Ibilbide osoa zuzenean ikusteko aukera dago ETB ON plataforman, EITBren telebista plataforma digital berrian. Euskararen lekukoa martxan da jada, eta Atharratzetik abiatu den oihuak Euskal Herri osoa zeharkatuko du beste behin. Bilbon amaituko da, martxoaren 29an, igandez.
Euskal jatorriko 114.400 pertsona atzerrian bizi dira, duela urtebete baino % 5,5 gehiago
Gehienak Amerikan bizi dira, Argentinan zehazki, INEk urtero argitaratzen duen Atzerrian bizi diren espainiarren erroldaren (AEE) arabera.