Donostialdeko ESIko 23 zerbitzuburuk Osakidetzaren zuzendaritza kargugabetzea eskatu dute
Aurrekaririk gabeko krisia lehertu da Osakidetzan, joan den astean Donostialdeko ESIko gerentea eta zuzendaria kargugabetu, eta horren ondotik hainbat arduradunek dimisioa aurkeztu eta gero. Gaur, zentro horretako 23 zerbitzuburuk oharra kaleratu dute, Osakidetzaren zuzendaritza kargugabetzea eskatuz Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, "burugabekeria honen konplize izatea nahi ez badu".
Sailburuaren prentsaurrekoaren ostean, zerbitzuburu batzuek deitoratu dute Sagarduik ez dituela beren hitzak aintzat hartu eta ez duela azalpenik eman nahi izan. Osakidetzak giza baliabideen kudeaketaren arloan egiturazko erreformak behar dituela azpimarratu dute. Arduradunek profesionalei entzuteko eskatu dute, eta ziurtatu dute arreta ez dagoela arriskuan.
Idatzian salatu dute Donostialdeko ESIko "kudeaketa krisi larriaren" aurrean ezin dutela isilik egon. Sinatzaileen hitzetan, ospitaleko profesionalei eta adituei "ez entzutearen ondorioz" herritarrak "zerbitzuen galera" pairatzen ari dira. "Pandemiak", "profesional kualifikatuen eskasiak" eta "osasun zerbitzuen eskari geldiezinak" areagotu egin dituzte Osakidetzako arduradunen "erabaki okerren ondorioak", zerbitzuburuen arabera.
Agertoki horren aurrean, "politika suizidak" atzean uzteko eskatu diete Osasun Saileko arduradun nagusiei. Halaber, kargugabetu dituzten arduradunen "balioa eta ausardia" txalotu dituzte, sistemarekiko konpromisoa lehenetsi dutelako beti, eta proposatutako neurri guztiak zerbitzua hobetzea izan dutelako helburu. "Hori izan da euren bekatu" bakarra, eta Osakidetzak "lan hori zigortu" du, gehitu dute oharrean.
"Eredu inposatzailean" oinarritutako lan-funtzionamendua ezarri nahi izatea leporatu diote Osakidetzari, eta, besteak beste, Tolosaldeko, Bidasoaldeko edota Onkologikoko egoera "bereziki larria" aipatu dituzte. "Segurtasun eza eta ezinegona sortzeaz gain, azkenaldian emandako urratsek egitura osoaren haserrea ere eragin dute".
Halaber, zerbitzuburuek exijitu dute "herritarren ahaleginari esker" lortutako aurrekontuak "irizpide teknikoen" arabera eta "modu orekatuan" erabiltzeko, eta ez "komenentzia politikoei" men eginez.
Herritarrei, berriz, "adi egoteko" eskatu diete, Osasun Sailak gizarte osoaren presioa senti dezan.
Bestalde, EITB Mediak jakin ahal izan duenez, Donostialdeko ESIko profesionalek bilera deitu dute gaur 13:30erako, egoera aztertu eta aurrera begirako erabakiak hartzeko. Asteazken arratsaldean egingo dute agerraldia hedabideen aurrean.
Bere aldetik, Osasun Saila elkarrizketa abiatzeko prest agertu da, krisialdia bideratzeko. Krisia lehertu zenetik gaiari buruzko azalpenik eman gabe egon ondoren, gaur hitz egingo dute Osakidetzako arduradunek Donostialdeko ESIko kargugabetzeen inguruan.
Sagarduik "iritzi desberdinak izateari" egotzi dizkio kargugabetzeak
Bestalde, Osasun Sailak kargugabetzeak defendatu ditu, eta prest agertu da krisiari irtenbidea emateko elkarrizketa bat hasteko. Gotzone Sagardui sailburuak esan duenez, "iritzi derberdinak" izateagatik gertatu dira osasun eskualdeko zuzendarien kargugabetzeak. Gaineratu du "pertsonak aldatzea aholkatzen duten gertakariak kateatu ondoren" erabaki direla, gertakari zehatz horiek zein izan diren zehaztu gabe.
Gainera, Donostialdeko ESIan "elkarrizketa eraikitzailea" izateko borondatea agertu du, eta "lasaitasun, aintzatespen eta esker oneko" mezua helarazi die langile guztiei, "eguneroko lanagatik eta dedikazioagatik".
Zure interesekoa izan daiteke
EAEko Auzitegi Nagusiak bi egonkortze prozesu eten ditu C2 euskara maila eskatzeagatik
Zehazki, udal idazkari eta kontu-hartzaile postuetarako IVAPek emandako bi ebazpen utzi ditu bertan behera Auzitegiak. Eusko Jaurlaritza epaia aztertzen ari da kasazio helegitea aurkeztuko duen erabakitzeko.
Gasteizen bikote homosexual bati eraso egin zion adingabea atxilotu dute berriro, hiru gazte sastakatzeagatik
EITBk baieztatu duenez, 17 urteko gaztea kanporatzeko eskaera egin behar zuen Arabako Aldundiak. Atzo, bertan, epailearen aurrera eraman zuten, eta Eusko Jaurlaritzaren gazteentzako justizia zentro batean sartzea agindu zuen honek.
Pertsona bat hil da Arrasaten, bi ibilgailuren arteko istripu batean
GI-627 errepidean gertatu da ezbeharra, Aretxabaletarako noranzkoan. Errepidea itxita egon da errepidea garbitu bitartean, baina lanak amaitutakoan ireki dute.
Euskararen aldeko lasterketa igande eguerdian helduko da helmugara, Bilbora
2.750 kilometro egin eta lekukoa eskuz esku 3.436 aldiz pasatu ostean, Bizkaiko hiriburua harrapatuko du Korrikak. Bertan jakingo dugu nork idatzi duen 10 egunez lekuko barruan gordeta eraman duten mezua, egileak berak irakurriko baitu. AEKk festa erraldoia prestatu du 24. Korrikari amaiera emateko.
Deabruek sutan jarri dute Korrika Debagoienean barrena
Lekittoko Deabruak kale antzerki taldeak hartu du lekukoa Oñatitik Bergarara bidean, eta hankaz gora jarri dute ibilbidea su eta txinpartekin.
Ordu aldaketa: Bueltan da udako ordutegia
Martxoaren 28tik (larunbata) 29ra (igandea) bitarteko goizaldean, 02:00etan ordua aldatu egin beharko da, eta 03:00ak izango dira. Atseden hartzeko ordubete gutxiago egongo da. Egungo ordutegi ereduarekin jarraitzeko beharrak eztabaida sortzen du, batez ere bi arrazoi garrantzitsu direla eta: Osasuna eta energia kostua.
Israelgo taldeen aurkako partidak bertan behera uzteko eskatu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak Gasteizen
Ehunka lagun atera dira gaur Gasteizko kaleetara, Baskoniak Hapoel Tel Aviven aurka jokatu beharreko kanporaketa eta apirilaren 7an Maccabiren kontrakoa bertan behera uztea eskatzeko. Palestinarekin Elkartasuna plataformaren arabera, Israel “genozidioa zuritzeko” erabiltzen ari da saskibaloia, eta ez da nahikoa Buesa Arena hustea: Israelekin harreman guztiak etetea aldarrikatu dute, baita kirol arlokoak ere.
Santanderreko pasabidearen egoeraz jakinarazteko abisua jaso zuen 112ko kudeatzailea ikertuko dute
Erabaki horren helburua da langileari defentsarako eskubidea bermatzea, iturri judizialek azaldu dutenez.
Osasun Ministerioak erkidegoekin adostu du bitartekari bat izendatzea medikuen Greba Batzordearekin negoziatzeko
Sindikatuek eta Ministerioak zehaztu eta onartu beharko dute nor izango den bitartekari hori.
Medikuen grebak 300.000 pazienteri eragin die Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren arabera
Protestaren ondorioz, gainera, Osakidetzako itxaron-zerrenda kirurgikoa 15 egun luzatu da, 67 egunera arte.