Jaizkibelek konpainia gisa hartuko du parte lehen aldiz Hondarribiko Alardean
Ia hiru hamarkadatan zehar borrokan aritu ondoren, Jaizkibelek konpainia gisa desfilatu ahal izango du irailaren 8an Hondarribian egingo den Alardean, Igor Enparan alkateak baimena eman baitie. Horrela, Udalak Jaizkibel onartu du Alardean, 1680an foru miliziek frantsesen aurka lortutako garaipena gogora ekartzen duen eszenaratzean, ateratzen diren konpainietako bat bezala.
Orain arte, Jaurlaritzako Segurtasun Sailari manifestazio gisa irteteko baimena eskatuta atera ahal izan dira Hondarribiko kaleetara. Urte hauetan, hainbat aldiz eskatu izan diote baimena Udalari konpainia gisa irteteko, Jaizkibel konpainiako Izaskun Larruskainek EITB Taldeko irratiei adierazi dienez, baina batzuetan ez dute erantzunik jaso eta beste batzuetan beste kale batzuetatik desfilatzeko baimena jaso dute. Hori horrela, azken urteetan ez dute egun horretarako baimenik eskatu Udalean, eta manifestazio gisa atera izan dira.
Inflexio puntua iaz etorri zen, udal hauteskundeen ondoren. Abotsanitz plataformak hartu zuen EAJren erreleboa, eta alkateak baimena eskatzeko gomendioa egin zien. Horrez gainera, Guadalupen egiten den elizkizunean lekua gorde zien, beste konpainiei bezala. Hala ere, "ez ginen ausartu", aitortu du Larruskainek: entseguetarako baimena Udalean eskatu zuten, baina Alarde egunerako eskaera Segurtasun Sailean egin zuten.
Hainbat elkarrizketaren ondoren, ordea, aurten pauso bat aurrera egin, eta baimena eskatu dute. Udalak onartu egin du, eta konpainia gisa atera ahal izango dira.
Erabaki "historiko eta sinbolikoa" dela adierazi du Jaizkibeleko ordezkariak. "Historikoa da lehen aldiz herriak onartu egin duelako Jaizkibel eta bere lekuan jarri duelako", esan du. Aldiz, "sinbolikoa" ere badela uste du, "ez dugulako gure helburua lortu: gure helburua ez da konpainia bat gehiago izatea; hori ere bai, baina Alarde parekide baten barruan. Oraindik lanean jarraitu behar dugu".
Hori horrela, Larruskainek ez du uste kanpotik begiratuta aldaketa handirik nabarituko denik aurreko urteekin alderatuta, ez dira Alarde baztertzailearekin batera aterako. Jaizkibelek bazuen "konpainia baten egitura", eta honek, batik bat, "aldaketa administratiboa" dakar, azaldu du.
Hurrengo ostiralean elkartuko dira taldeko kideak berrikuntzen berri eman eta aurrera begira hartu beharreko erabakiak hartzeko.
Konpainia inklusiboa
Pertsona guztiek dutela desfilean parte hartu eta jaiez gozatzeko aukera defendatzen du Jaizkibelek. "Konpainia inklusibo" gisa, Nahia Salaberria izango dute aurten kantinera, batetik bestera gurpildun aulki batean ibiltzen den emakumea.
Zure interesekoa izan daiteke
CCOO Korrikatik kanpo geratu da AEK-k lekukoa ez eramateko erabakia hartu ostean, "euskararen aurkako jarrerak sustatzeagatik"
Ohar baten bidez, AEK-k argitu duenez, AEKren Nazio Kontseilua CCOO Euskadiko ordezkariekin bildu zen astelehenean, eta Argia aldizkariak argitaratutako informazioari "sinesgarritasun osoa" emanda, CCOOko kideei jakinarazi zieten "bateraezinak" zirela "euskararen aurkako jardunbide horiek sustatzea eta Korrikan lekukoa eramatea".
Donostiako Arrazakeriaren aurkako Martxak erroldatzeko eskubidea aldarrikatuko du, igandean
29. edizioak Trintxerpe eta Donostia zeharkatuko ditu, Erroldarik gabe ez naiz existitzen lelopean.
% 77,8ra igo da Euskadi plurala izan dadin nahi duten herritarren kopurua
Ikuspegiren azken txostenaren arabera, herritarren % 24,2k adierazi dute azken urtean diskriminazio-egoeraren baten lekuko izan direla eta % 14,6k diskriminazio motaren bat jasan dutela aitortu dute, lanpostu edo alokairu bila izan direnean batez ere. Kolektibo diskriminatuenak ijitoak eta migratzaileak dira, inkestaren arabera.
Medikuek grebaldian jarraitzen dute, estatutu propioaren alde
EAEko medikuak aste honetan bigarrenez kalera irten dira Osasun Ministerioak adostutako estatutu orokorraren aurka. Medikuek lan baldintzak negozioatzeko ahalmena izatea eskatzen diote Osasun Ministerioari. Gutxieneko zerbitzuak ostiralera arte ezarriko dira, medikuen eskubideak aldarrikatzeko.
Ane Elordi: “Ez dugu bateragarri ikusten CCOOren jardunbidea eta 'Euskara gara' aterkipean egingo dugun Korrikan parte hartzea”
Euskadi Irratiko "Faktoria" irratsaioan egindako elkarrizketan Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak adierazi duenez, Errenteriako Lan Deialdi Publikoan gertatu dena "mugarria" izan da Korrikako antolatzaileen ustez. Hortaz, sindikatuko kideekin egindako bileran, azaldu zieten ez zutela bateragarri ikusten haien jardunbidea eta 24. Korrikan parte hartzea.
'Aita Mari' Italiako Vibo Valentiako portura iritsi da, erreskatatutako 32 migratzailerekin
Aita Mari ontzia astearte honetan iritsi da Italiako Vibo Valentiako portura, erreskatatutako 32 migratzailerekin. Mediterraneo erdialdeko uretan topatu zuten ontzia igandean, jendez gainezka, "oso baldintza eskasetan". Erreskatatutako lagunen artean bederatzi adingabe eta haurdun dagoen emakume bat daude.
Zabalik dago AP-8 autobidea, Iurreta parean, istripu baten ondorioz itxita egon ondotik
Kamioi bat irauli da gaur goizean AP-8an, Iurreta parean eta Donostiarako noranzkoan. Istripuaren ondorioz, bi errei itxi dituzte.
Baionan desagertutako 50 urte inguruko gizon baten bila ari dira
Larunbatean ikusi zuten azkenengoz, Lapurdiko hiriburuan, goizaldeko ordu bata pasata.
Espainiako Poliziaren buru ohiaren sexu erasoak berretsi ditu epailearen aurrean salaketa jarri zuen inspektoreak
Epaileak atzera bota du Poliziako buru ohia emakumearekin ez komunikatzeko salaketa-jartzaileak egindako eskaria, "arriskurik ez" dagoela iritzita.
Espainiako Estatuko herritarren % 79k uste dute "posible" dela etorkizunean gerra batean arma nuklearrak erabiltzea
CISen inkesta baten arabera, herritarrak gehien kezkatzen dituen beste beldur batzuk dira gertuko senide bat galtzea, osasuna galtzea, itsu geratzea eta minbizia hartzea.